Altuna III VS Artola _ Buruz Buruko Finala 2025

Autobusa antolatu dute pilota finala ikustera joateko

Ataria 2025eko maiatzaren 27a

Amezketatik aterako diren autobusetarako izena eman daiteke herriko tabernetan, eta bihar da horretarako azken eguna.

Igande honetan, ekainaren 1ean, jokatuko da Jokin Altuna eta Iñaki Artolaren arteko buruz buruko finala. Amezketako Udalak autobusak antolatu ditu finala ikustera joateko eta bihar, hilak 28, izango da izena emateko azken eguna. Herriko tabernetan daude zerrendak jarrita eta bertan eman behar da izena. 

Goizez edo arratsaldez joateko aukera izango da. Autobus bat 10:00etan aterako da Beartzanako aparkalekutik eta bestea 15:00etan leku beretik. Udaletik azaldu dutenez, goizeko autobuserako 25 pertsona baino gutxiago apuntatzen badira, ez da autobusa irtengo. Finala amaitutakoan abiatuko dira bi autobusak Amezketarantz. 5 euro ordaindu beharko da pertsonako autobusera igotzerakoan eta kopuru justua eramaten saiatzea eskatu du udalak.

Bestalde, buruz buruko finalaren ondorenerako, Amezketako Larrunarri pilotalekuan afaria antolatu dute. Bi menu egongo dira, adinaren arabera: haurren menua 15 eurokoa izango da, eta helduen menua 35 eurokoa. Txartelak salgai daude Arkaizpe jatetxean, eta erosteko azken eguna osteguna izango da, hilaren 29a. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!