Joseba Larreta 'Latu' zendu da

Ataria 2025eko maiatzaren 19a

Atzo hil zen 38 urte zituela. Kirolarekin lotutako hainbat alorretan aritzen zen Larreta, tartean Tolosa CF futboleko partidetako ordezkari moduan edo Ehunmilak mendi lasterketako Amezketako gunearen arduradun gisa.

Joseba Larreta 'Latu' amezketarra atzo zendu zen 38 urte zituela. Kirol arloan boluntario moduan aritzen zen amezketarra, esaterako, Tolosa CF gizonezkoen futboleko lehen taldeko ordezkari moduan partidetan. Sare sozialetatik klubak doluminak adierazi ditu: «Doluminik beroenak senideei, lagunei eta, gu bezala, berarekin bidea partekatzeko pribilegioa izan zuten guztiei. Gure itsasontzi urdineko tripulanteetako bat!».

Herriarekin lotutako hainbat ekitalditan boluntario moduan parte hartzen zuen. Honela, Ehunmilak mendi lasterketan boluntario bezala aritzen zen Larreta, azken urteotan Amezketako gunearen koordinatzaile gisa. «Parte hartzaileek asko eskertzen dute boluntarioen lana. Niri horrek betetzen dit, eta horregatik jarraitzen dut urtero», azaldu zuen Larretak berak, 2016an egindako elkarrizketa batean. Pilotazale amorratua zen ere, eta Jokin Altunaren jarraitzaile sutsua.

Antzezlea, herrian bertan

Amezketan festa eta kultur ekitaldiak izaten direnean paper berezia bete izan du Joseba Larretak, asko antzerkiari loturik. Esaterako, Amezketako San Bartolome festak ixteko egiten den elbiaren entierroan apaiz papera jokatu izan du, ekitaldia bera gidatuz. Gainera, Amezketako antzerki taldearen partaide ere bazen, eta eskainitako antzezlanetan parte hartu izan du hasieratik. Adibidez, Gerra omen zetorrek! Ederrak egin dizkinagu! antzezlana.

Hileta elizkizuna bihar, asteartea, egingo da, 17:30ean, Amezketako San Bartolome parrokian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!