Bedaion bertsotan arituko dira Zumadi eskolako ikasleak

Ataria 2025eko maiatzaren 19a

Bertso eskolako ikasleak eta irakasleak, artxiboko irudia. AMEZKETAKO UDALA

Bedaioko elkartean egingo dute asteroko bertso-saioa. Bertan izango da Todor Azurza ere, zeina Boisen (AEB) bizi izan den, eta hango bertso eskolarekin harremana sortzen aritu den.

Amezketako Zumadi eskolako LH-5 eta LH-6 mailetako ikasleek Bedaioko elkartean egingo dute astero eskolan egiten duten bertso saioa. Bertan, herriko bizilagunekin partekatuko dute «bertsolaritzarekiko zaletasuna» zein ikasketa-prozesua; eta, horrela, belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sendotuko dute.

Eskolako bertso saioetan Bixente Gorostidi izaten dute irakasle eta horretan arituko da Bedaion ere. Aurrez Ugarte auzoan egin zuten zita, eta, bertan, gonbidatu berezi bat ere izan zuten: Todor Azurza. Azurza orain gutxira arte Boisen (AEB) bizi izan da, eta bere ekimenez eta bitartekaritzaz hasi zuten Zumadiko ikasleek Boiseko bertso eskolarekin harremana.

Bihar berriz ere espero dute Azurzaren bisita, eta «ilusio handiz» jasoko dute ikasleek, irakasleek eta herritarrek. «Esperientzia aberasgarri hau belaunaldi arteko ezagutzaren transmisioan eta herri-giroaren sustapenean urrats garrantzitsua izaten ari da», adierazi dute Amezketako Udaletik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!