Amezketako Udalak herri kirol saio irekiak jarriko ditu martxan «gazte ez diren» emakumeentzat. Ekimenaren helburuak dira, besteak beste, herrian mugimendua eta elkar topatzea sustatzea, eta saioak antolatu dituzte, bereziki, «adin ertain edo helduagoan dauden eta kirol ohiturarik ez duten» emakumeentzat.
Udaletik adierazi dute ez dela «inolako prestaketa edo esperientzia berezirik» behar: «Saioak guztien gaitasunetara egokituko dira, bakoitzak bere erritmoan parte hartzeko aukera izan dezan, presiorik gabe eta giro atsegin batean». Nabarmendu dute helburua ez dela lehiatzea, baizik eta mugitzea, «norberak bere burua hobeto sentitzea» eta lagunarteko dinamika sortzea.
Herri kirolak, ardatz
Ariketak herri kirolekin lotutako jarduerak izango dira, eta «era dibertigarrian» zein elkarlanean, «gorputza astintzeko eta egunerokotasunetik apur bat irteteko» prestatuko dituzte. Interesa duen edonork izena eman dezake udaletxeko telefono zenbakira deituta: 943 65 31 89.