Amezketako Udalak eta Aralar paper fabrikak hirigintza hitzarmen berria sinatu dute. Azken hilabeteetan aritu dira elkarlanean eta arau subsidiarioen aldaketa puntual bati hasiera emateko hirigintza hitzarmena sinatu dute Mikel Arteaga alkateak eta Senen Amunarriz paper fabrikako zuzendariak.
Udalak adierazi duenez «berebiziko garrantzia» ematen die herriko jarduera ekonomikoei, baina «ezinbestekotzat» du jarduera ekonomiko horien garapena «modu ordenatuan» egitea eta «horietatik eratorritako onurak herri osoaren onurarako zabaltzea».
Hitzarmenean adostutakoa
Sinatu duten akordioak hainbat helburu ditu: batetik, Amezketako Udalak hirigintza-erregulazio berria egingo du paper fabrikak mukizapi biodegradagarriak ekoizteko beharrezkoak diren aldaketak egiteko.
Hori horrela, eremua mendebalderantz zabalduko dute, betiere eremuaren mugak Aralar enpresaren jabetzetara egokituz. Zentzu berean, lurraren eraikigarritasuna 3.700 metro koadrotan handituko dute, mukizapi biodegradagarriak ekoizteko makina berriak kokatzeko eraikinak egiteko.
Eraikigarritasuna zabaltzearen ordainetan, Amezketako eskolak eta eremuan dagoen paper fabrikako elkartea udalaren jabetzakoak izatera pasako dira; zentzu horretan, egingo duten beste aldaketa bat izango da gaur egungo eskolako jantokia dena paper fabrikaren eremuan sartzea, trukean, bertako elkarte izan dadin.
Beste zenbait aldaketa
Aipatutakoaz gain, udalaren jabetzakoa izatera pasa da errepidearen eta paper fabrikako pabiloiaren artean dagoen lur zatia. Aldaketa horren helburua Mizpira Sagasti (Errementain) etxearen parean sortzen den estugunea konpontzea da, eta aurreratu dute espaloia eta errepidea zabaltzeko asmoa dutela.
Bestalde, hitzarmenaren bitartez paper fabrikako eremua berrantolatu eta bertako langileentzat 30 aparkaleku gehiago egin izatea ahalbidetuko dute.
«Etorkizunerako apustu»
Amezketako Udalaren esanetan etorkizunerako apustua da hitzarmena: «Aralar paper fabrikaren etorkizun ekonomikoa indartuko da, lanpostu berriak sortzea ere ahalbidetuko baitu honek». Bestalde, gogora ekarri dute eskolak «herriaren jabetzakoak» izatera pasako direla «gaur egungo papertegiko elkartea barne» eta azken horri «irtenbide egoki bat» emango diotela. Era berean, adierazi dute elkarlanean ari direla Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin eta Ura Agentziarekin ere, eskolak nola eraberritu aztertzen hasi ahal izateko.
«Hitzarmen hau sinatzearekin arau subsidiarioen aldaketa puntualari hasiera emango zaio eta, ondo bidean, hilabete batzuk barru errealitate bihurtuko da hitzarmenean jasotakoa», horrela hitz egin dute udaletik aurrera begirako asmoen inguruan.
Bestalde, nabarmendu dute udalak prozesua elkarlanean egin nahi duela «inplikatutako eragile guztiekin» eta, horretarako, harremanetan egon dela une oro Zumadi Eskolako zuzendaritzarekin, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, Aralar paper fabrikako elkarteko bazkideekin eta Ura Agentziarekin. Etorkizunera begira ere, berdin jarraitzeko asmoa adierazi dute: «Aurrerantzean ere elkarlanean jarraitzeko prestutasun osoa dugu, oraingo hau bezala, herri osorako onuragarriak diren erabakiak hartzeko».