«Ni baino gehiago izan da»

Ataria 2025eko apirilaren 14a

Jokin Altuna, Beotibarren, abenduan, binakako txapelketaren partida batean.

Buruz Buruko Txapelketaren final-laurdenetako lehen partida galdu du Jokin Altunak Larrazabalen aurka, 14-22.

Espero ez bezala joan zen atzo Altuna III.aren aurtengo lehen partida buruz burukoan. Txapelduna faboritoa zen, baina azkenean ez da posible izan iazko bigarren mailako txapeldun izan zen amurrioarrari irabaztea. Larrazabal Ezkurdia kanporatzetik zetorren, eta Eibarko Astelena pilotalekuan buruz bururako oso kontuan hartzeko pilotaria dela erakutsi zuen txapelduna gaindituz.

Altuna III.a hasi zen agintzen partidan, 5-1 aurreratuz. Baina Larrazabal bere bolea indartsuan eta bere eskuinean fedea duela erakutsi zuen, eta bere jokoa eginez jarraitu zuen, partida berdinduz. 8-6 eta 10-8 joan zen partida amezketarraren alde, baina justu lehen atsedenaldira iristerako tantoan aurretik jarri zen Larrazabal, 11-12, eta aurretik jarraituko zuen partida bukatu arte. 12-15 joan zen neurketa, eta 14-17 ere hurbildu zen Altuna III.a, baina hortik aurrera tanto guztiak Larrazabalentzat izan ziren, garaipena baliotsua lortuz. Altuna III.ak 8 tanto egin eta 7 galdu zituen, eta Larrazabalek 15 egin eta 6 galdu.

Altuna III.a ez zegoen batere gustura bere buruarekin partida amaieran: «Gehiago izan da, gehiago jokatu du, gehiago sakatu du, gehiago eman dio, gehiago bukatu du». Ezkerrarekin ez zuela asmatu gaineratu zuen amezketarrak: «Ezkerrarekin partida osoan pilota bat ondo ez baduzu jotzen, maila honetan partida bat irabaztea zaila da. Desastre aritu naiz ezkerrarekin errestatzen, botera ere ez nuen batere ondo jotzen. Berak bere partida perfektu egin du, eta merezimendu guztiz irabazi nau».

Aspaldian irabazten baino gehiago galtzen ari dela esan zuen: «Ni ohituta nago, badakit galtzea ere zer den, eta ez naiz etorri prentsatuz irabazi egingo nuela. Kanpotik eta inguruan askotan hori ematen du, partidak hemen erraz irabazten direla, baina nik argi dut partidak zenbat kostatzen diren irabaztea. Lehen ere irabazi asko baina galdu ere asko egin ditut. Hori asimilatuta dut. Pena eman dit oso gaizki sentitu naizela, batez ere ezkerrarekin, ez nuen pilota bat ondo sartzen eskuan, eta ez nekien aurrera joan edo atzera joan».

Bere multzoko beste partidan Dariok Zabalari irabazi zion, 22-17, eta, beraz, orain Altuna III.ak Zabalaren aurka jokatuko du bigarrengo jardunaldian. Igandean izango dute neurketa hori, Donostiako Atano III.a frontoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!