Mende erdia bete du Amezketako Zazpi Itturri pilota elkarteak eta larunbatean ospatuko dute hainbat ekitaldirekin. Herriko pilotariek frontoi zaharrean jokatuko dituzten partidekin hasiko da eguna. Ondoren trikitilariek alaituta poteoa egingo dute herrian zehar. Bazkaria egingo dute ondoren, 180 pertsona inguru elkartuko dira eta trikitilariek girotuko dute bazkalostea.
Aurreko astean solasaldia antolatu zuen Zazpi Itturrik kultur etxean, eta bertan izan ziren elkartearen historiako hainbat kide: Xalton Zabala Zazpi Itturriren sortzailea, Beñat Beloki egungo arduradunetako bat, Jokin Altuna txapelduna eta elkarteko arduradunetako bat, eta pilotari profesionalak izandako Haritz Saez de Nanclares eta Eneko Galartza. Une hunkigarriak bizitu ziren Amezketak Herriarteko Txapelketa irabazi zueneko bideo laburpena ematerakoan, eta ondoren hainbat argazki zahar ikusterakoan.
Amezketak beti izan du pilotarekin lotura. Zabalak gogora ekarri zuen bera txikia zenean udako igandeetan pilota partidak izaten zirela herrian. Gerora hori galtzen joan zen, eta Zazpi Itturri elkartea sortu zenean, hainbat batzorde egin ziren, tartean kiroletakoa. «Iñaki Larreta eta nik hartu genuen pilotaren ardura. Garai batean ez zen pilota jokatu besterik egiten, eta gero hutsune bat izan zen, eta elkartea sortu genuenean helburuetako bat pilota berreskuratzea izan zen», azaldu zuen Zabalak.
Galartza eta Saez de Nanclares txikiak zirenean pilotan aritzen ziren erabat, hori izaten zen beraien jolasa. «Elkartzeko lekua frontoia izaten zen. Jolas bat bezala hasi zen, zaharragoekin beti», azaldu zuen Saez De Nanclaresek, eta Galartzak gaineratu: «Txikiak ginenean futbolean jokatzeko aterik ez zegoen, eta egiteko genuen kirol bakarra pilota zen. Jolas bezala hartu eta ikaragarri gustura ibiltzen ginen». Altunak ere herrian pilotan jolasteko tradizio hori jaso zuen: «Eskola bukatu eta frontoira etortzen ginen. Askotan Xaltonekin haserretu ere egiten nintzen, gehiago entrenatu nahi genuelako. Frontoia hazi garen lekua izan da eta lagun asko egindako lekua».
HERRIA ORDEZKATUZ
Amezketarentzat memorian iltzatuta dagoen txapelketa 1993an irabazitako Herriartekoa izan zen. «Herri bezala lortu daitekeen gauzarik onena da», azaldu zuen Zabalak. «Herriaren ordezkaritza da hor pilotan aritzen direnak, eta herriak eskertu egiten dizu. Niretzako harreman hori da dagoen gauzarik onena».
Txapel hori lortu zutenen artean izan ziren Saez de Nanclares eta Galartza. «Profesional bezala lortzen dituzunak norberarentzat dira, baina herri bezala jokatzea eta hori irabaztea sekulakoa da», esan zuen Saez de Nanclaresek. «Oso barruan gordeta dut nolako ilusioa sortu zuen herrian. Pilota ibilbideko nire oroitzapenik onena da hori, zalantzarik gabe».
Galartzak gaineratu zuenez, Herriarteko Txapelketako kanporaketa jokatzen zen ostiralak oso bereziak izaten ziren: «Ikusi besterik ez zegoen nola izaten zen frontoia, eta herri guztia urduri. Talde on bat izan genuen, eta emaitzak lortu ere bai. Pena izan zen hiru final jokatu eta txapel bakarra lortzea. Hori bai, irabazi genuenean ederra izan zen».
Txikitatik jaso zuen Altunak Herriarteko Txapelketaren zirrara, eta herrian pizten zuen ilusioa. «Lehenengo aldiz jokatu nuenean sekulako ilusio egin zidan. Gaztetxoa nintzela parte hartu nuen, eta zaharragoekin elkartera afaltzera joatea oso berezia izaten zen».
Solasaldian zehar galdetu zitzaion Zabalari zein zen sekretua Amezketak pilotan horrelako maila izateko. «Amezketan materiala berezia da, pilotari herria da», azaldu zuen Zabalak. «Gero lan handia egiteak eta dedikazioak eramaten du egoera honetara iristeak». Saez de Nanclaresek gogora ekarri zuen solasaldian bertan zegoen Jokin Altuna dela egungo munduko pilotari onena: «Hortaz kontziente izan behar gara, eta batez ere gaztetxoei esaten diet. Jokin gurekin egunerokotasunean dago, umiltasunean, eta hori baloratzeko gauza bat da».
Herri txiki bat izateko, historia guztian zehar, uneoro, profesionalak izan ditu Amezketak. Zazpi Itturri kluba hasi berritan, eta bertan izan ez baziren ere, Joxean, Lorentzo eta Inazio Tolosa anaiak profesionaletan aritu ziren. Gerora, Eneko Galartza, Haritz Saez de Nanclares, Ekaitz Saralegi eta Jokin Altuna. Imanol eta Garikoitz Altuna anaiak erremontean izan ziren profesionalak, baina txikitan Zazpi Itturrin aritu ziren eskuz. Juan Antonio Artola amezketarra munduko txapelduna izan zen eskuz absolutu mailan, eta trinketean bigarren egin zuen.
Amezketarrak ez baina klubetik pasatu eta gero profesional egindakoak ere hainbat dira: Aitor Sukia, Aratz Mendizabal, Iñaki Iparragirre, Erik Jaka, Xabier Tolosa, Xabier Erostarbe, Iker Irribarria eta Iñigo Bikuña. Unai Garmendia eta Beñat Arzelus Frontis enpresarekin aritu ziren.
«PILOTA, OSASUNTSU»
Orain bost urte utzi zion Xalton Zabalak elkarteko arduradun izateari. Egun Beñat Belokik eta Jokin Altunak dute ardura nagusia, eta tarteka beste batzuen laguntza izaten dute. Guztira 70 pilotari inguru daude Zazpi Itturrin, horietatik federatu gabeak 50 inguru eta federatutakoak 20 inguru.
«Gu hasi ginenean klub txikia zen, eta pilotari gutxi zeuden, azkenean belaunaldi aldaketa bat izaten ari zelako», esan du Belokik. «Gaur egun, klubean genituen ume txikiak hazi egin dira, eta pixkana kluba ere handitzen ari da. Hasi ginenean 25 inguru ziren pilotariak eta gaur egun 70 inguru dira». Pixkana kluba goraka doa beraz, eta Amezketan pilota «osasuntsu» dagoela nabarmendu du Belokik: «Maila oso handiko pilotariak daude, eta gustura gaude. Jende oso jatorra dugu, eta klubari laguntzeko jende asko dugu inguruan».
EGITARAUA
Apirilaren 5ean, larunbata, ospatuko dute Zazpi Itturri elkartearen 50. urteurrena.
- 11:00. Herriko pilotarien partidak frontoi zaharrean.
- 13:00. Poteoa trikitilariek alaituta.
- 14:00. Bazkaria. Jarraian, trikitilariak.