Amezketako Udalak euskara sustatzeko plan estrategikoa jarriko du martxan, eta iragarri ditu lehen bi pausoak: galdetegi bat betetzea, eta plangintza zehazteko saio irekia. Udalak adierazi du kalean zein etxean jaitsi egin dela euskararen erabilera, baina «hizkuntza nagusi» izaten jarraitzen duela eta herritarren % 88ak dakiela euskaraz.
Bizimoduan «aldaketa handiak» gertatu direlakoan dago udala, eta horien adibidetzat jarri dituzte harreman ereduak, teknologia berriak eta biztanle mugimenduak: «Aldaketa horiek guztiek zuzenean eragiten diote hizkuntzari eta, globalizatutako mundu honetan, ezinbesteko izango zaigu euskararen aldeko hautua egitea».
Hori horrela, uste dute erakundeei dagokiela euskaraz egiteko aukerak «zabaltzea eta bultzatzea, eta erraztasunak ematea». Eta hari horri tiraka aurkeztu dute Aroa, euskara sustatzeko plan estrategikoa. Herritarrekin eta eragileekin elkarlanean osatzea du asmo udalak, eta lehen bi pausoak ere iragarri ditu.
Galdetegia eta saio ireki
Herritarrek zein ikuspegi duten neurtzeko Internet bidez erantzuteko galdetegi bat argitaratu du udalak, eta martxoaren 11 —datorren asteko asteartea— izango da erantzuteko azken eguna. Paperean erantzun nahiko luketenek, berriz, udal bulegoetara jo beharko lukete, epe beraren barruan.
Horren ondotik, estrategia «zehazteko eta jarduerak identifikatzeko» saio ireki bat ere egingo dute eragileekin eta herritarrekin. Martxoaren 13an —datorren asteko ostegunean— izango da bilera, 18:00etan, Pernando Amezketarra kultur etxean.