Erre zen baserrira ez gerturatzeko ohartarazi du Amezketako Udalak

Ataria 2025eko otsailaren 12a

Udalak nabarmendu du zigilatuta dagoela eraikina eta ezin dela bertara sartu edo gerturatu; eta, horrez gain, jabetza pribatukoak direla inguruko lursailak ere.

Joan den urtarrilaren 29an Agerre Goena baserria erre zen Amezketan. Ezbeharrean «kalte material handiak» jasa zituen eraikinak, eta ez zen zauriturik izan. Amezketako Udalak adierazi du ordutik harremanetan dagoela jabeekin eta «ahal duen guztia» egiten ari dela egoerarekin laguntzeko.

Bestalde, hainbat herritarrek laguntzeko prestutasuna izan dutela eta jabeek jasotako babesa eskertu dutela ere adierazi du herriko ordezkaritzak: «Prozesu luze baten aurrean aurkitzen dira, eta agian aurrerago izango da laguntzeko aukera, baina, momentuz, prozesuak bere pausoak jarraitu behar ditu».

Dena dela, nabarmendu dute sutearen ondorioz eraikina zigilatuta dagoela eta ezin dela bertara sartu edo gerturatu. Hari berari tiraka aipatu dute lursailak jabetza pribatukoak direla eta «errespetuzko jarrera» eskatu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!