Baso publikoaren kudeaketa plana aurkeztuko dute asteazkenean

Ataria 2025eko urtarrilaren 27a

Datozen hamar urteetan baso publikoetan zein lan egingo dituzten zehazteko plana osatu du Amezketako Udalak LurGeroa enpresarekin elkarlanean. Asteazkenean aurkeztuko dute plana, 18:00etan, Pernando Amezketarra kultur etxean.

Asteazkenean, hilaren 29an, baso publikoen kudeaketa plana herritarrei aurkeztuko die Amezketako Udalak. Plan hori elkarlanean osatu du LurGeroa enpresarekin, eta datozen hamar urteetan partzela bakoitzean zein lan egingo diren zehatu dute urtez urte. Saioa Pernando Amezketarra kultur etxeko areto nagusian izango da, eta 18:00etan hasiko da.

Basoak kudeatzeak «epe luzeko ikuspegia» eta «urtez urteko jarraipena» eskatzen dituelakoan dago Amezketako Udala, eta hori dela eta erabaki zuten plana osatzea: «Koniferak eta hostozabal aloktonoak dauden lursailen kasuan, ezinbestekotzat jo genuen epe luzeko ikuspegia izango zuen kudeaketa plan bat egitea».

«Amezketak lur publiko asko ditu. Honek duen balioaz jabetzen gara eta denon lurrak diren horiek zaintzeko konpromisoa daukagu», adierazi dute udaletik. Lur horietako hainbatetan larreak daude eta azken urteetan inbertsioak egiten ari dira horien egoera hobetzeko: «Beste lur publiko askotan, berriz, basoak ditugu eta hauetara ez da inbertsio handirik bideratu azken 20 urtetan».

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!