Amezketako pilota jaialdiak baditu irabazleak

Leyre Carrasco 2025eko urtarrilaren 26a

Master Laboral Kutxaren Binakako Txapelketa Nagusia jokatu dute goizean Amezketako Larrunarri pilotalekuan; lau partida izan dira guztira eta dagoeneko baditu irabazleak.

Pilota mistoko gazteen mailakoek ekin diote Master Laboral Kutxaren Binakako Txapelketa Nagusiko jaialdiari. Pilota mistoko gazteen mailan aritu da Maria Balerdi amezketarra Itxaso Iparragirre bikote zuela, eta 18-13ko markagailuarekin amaitu dute partida, Lur Egizabal eta Nora de Vegak osatutako bikotea mendean hartuz. Pilota mistoko promesen mailan, berriz, Eva Leon eta Laia Cancio izan dira garaile, Edune Carretero eta Nora Martinezen aurka 18-15 irabazi ostean.

Ondoren, pilota mistoko elite mailakoen txanda izan da. Zabaleta eta Oses bikoteak irabazi du lehen partida, 22-21ko emaitzarekin eta Aldai eta Bertiz aurkari zituztela. Aldairekin Irati Zabala lizartzarra zen jokatzekoa, baina ezin izan du parte hartu, eta bere ordez Bertiz aritu da. Azken partidan, Arrizabalaga eta Bergara izan dira garaile, Gari eta Mendizabal mendean hartuz, 22-7ko emaitzarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!