Otsailaren 2an ospatuko dute Santa Ageda bezpera

Ataria 2025eko urtarrilaren 24a

Iazko parte hartzaileak Bartolome Deunaren elizako atarian. AMEZKETAKO UDALA

Astean zehar jendea elkartzea «zaila» dela iritzita, Santa Ageda bezpera bi egun aurreratu eta igandean, otsailaren 2an, ospatuko dute.

Azken urteetan Amezketan galduta zegoen Santa Ageda bezperan kantari ibiltzeko ohitura, eta iaz berreskuratu egin zuten hainbat herritarren ideiari jarraituz. Amezketako Udaletik adierazi dute «bikain» erantzun zuela jendeak eta aurten ere ekimena errepikatzearen alde agertu direla parte hartzaileak.

Astean zehar jendea elkartzea «zaila» dela ebatzita, ordea, ospakizuna bi egun aurreratu eta igandean, otsailaren 2an, aterako dira kalean abestera. Zentzu horretan, parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak eta, kalean aritu ezean, etxeko balkoietatik «kantuez gozatzera».

Egunaren nondik norakoak jakinarazteko eta kantuak entseatzeko, berriz, astelehenean —hilaren 27an— bilduko dira, 19:00etan, Pernando Amezketarra kultur etxean. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!