Larrondoko larreetan hobekuntzak egin ditu udalak

Ataria 2025ko urt. 15a, 07:57

Gipuzkoako Foru Aldundiko Goilarre programaren baitan, garo xehaketak eta larre pribatu zein publikoko ur horniduran hobekuntzak egin ditu Amezketako Udalak.

Amezketako Udalak, azken urteetan, Larrondoko larre publikoetan hobekuntzak egiteko lanak egiten aritu da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Goilarre programaren baitan. Xehaketei dagokienez, uztailean burutu zituzten lanak, eta udala urtez urte egiten ari den jarraipenari esker, denbora eta dirua aurreztu dutela zehaztu eta honi jarraipena emateko helburua dutela jakinarazi dute udaletik.

Ur horniduraren hobekuntza lanek izan dute pisurik handiena. Hasteko, Larrondoko larre publiko zein pribatuak urez hornitzen dituen iturburuan txukunketa lanak egin ziren, hauen egoera hobetu eta iturburuen mantenua etorkizunera hobetzeko helburuarekin. Inpernuerrekako bidean hormigoizko aska berria ere jarri zen, lehen zegoena baino apur bat gorago, bertan sortzen den lokatz pilaketa hobetzeko helburuarekin.

Ura gordetzeko funtzioa beteko duten 10.000 litroko 2 depositu ere jarri dituzte. Depositu batetik aska publikoa hornituko da eta bestetik partzela pribatuak hornituko dira. Depositu berrietatik aska publiko zein partzela pribatuetara zegoen hoditeri sistema osoa ere berritu da. Gainera, partzela pribatu bakoitzaren sarreran arketa bana jarri da, ur kontagailuarekin eta lur mugimendu guztiak amaitutakoan belar hazia bota da.

Lan hauek Larrondoko ur hornidura bermatuko dute, 20.000 litro pilatzeko gaitasuna irabazi delarik. Gainera, hoditeria berria jarrita, ur ihesak nabarmen gutxitzea ere eragin dute. Datozen urteetan, berritu gabe gelditu diren trazatuak berritzea izango da udalaren erronka nagusia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!