Amezketan 2025. urtea «oso berezia» izango da, herriko historiaren eta kulturaren hiru mugarri ospatzeko aukera emango baitie. Mende erdi atzera eginda, Frankismoaren amaierako urteak izango lirateke, eta garai hartako aldaketa soziopolitikoek eragin nabarmena izan zuten. Testuinguru hartan Amezketan Talai dantza berreskuratu zuten, Zazpitturri elkartea lehenengo aldiz herriko festetan ireki zuten eta izen bereko pilota eskola sortu zuten.
Datorren urtean 50 urte beteko dira horiek hasi zirenetik, eta elkarte horien ibilbidea zein ekarpena omentzeko Amezketako Udalak egutegi berezi bat prestatu du: hilabetez hilabete garai bateko eta gaur egingo argazkiak bildu dituzte, herriaren bilakaera eta belaunaldien arteko lotura irudikatzeko.
Egutegia etxe guztietara banatuko dute eta, era berean, herritarrei gonbidapena luzatu diete datorren urtean egingo dituzten ekitaldietan parte hartzeko.
Proiektuen ondarea
Amezketako Udalak web orrialdean laburpen bana ere argitaratu du mende erdi beteko duten hiru egitasmoen inguruan, haien ekarpena eta ondarea gogorarazteko.
- Talai Dantza. Talai Dantza 1975ean berreskuratu zuten, herriko kultur ondarea biziberritzeko ahaleginaren ikur gisa. Ordutik, belaunaldiz belaunaldi, dantzariek tradizio hori bizirik mantendu dute, eta gaur egun ere herriko kulturaren ezinbesteko elementua da. Berreskuratzearekin batera, emakumeen parte-hartzea ere etorri zen, eta horrek dantzaren «aniztasuna eta aberastasuna» areagotu zituen.
- Zazpitturri elkartea. Zazpitturri elkartea 1975ean ireki zuten lehen aldiz herriko festetan, eta ordutik Amezketako kultur eta gizarte bizitzaren bihotz bihurtu da. Urteetako historia eta elkarlanaren isla.
- Pilota Eskola. Pilota eskola ere 1975ean sortu zuten, Amezketan kirola sustatzeko eta pilotaren tradizioa belaunaldi berrien artean hedatzeko asmoz. Harrezkero, hainbat gaztek trebatu eta herria ordezkatu dute pilotaren munduan, eta harrobia mantendu zein herriaren izena ere zabaldu dute.