Errepide bazterretan hondakinak bota izana gaitzetsi du Amezketako Udalak

Ataria 2024ko abenduaren 3a

Amezketako hainbat gunetako errepide bazterretan hondakinak azaldu dira. Udalak nabarmendu du zaborra «behar ez den tokian» botatzeak «kalte larriak» eragiten dituela eta segurtasuna arriskuan jar dezakeela.

Amezketako Udalak azaldu du «azken asteotan» zaborra eta hondakin handiak azaldu direla herriko hainbat gunetako errepide bazterretan. Hondakin horietako batzuk dira etxetresna elektrikoak, altzariak eta «bestelako hondakin handiak». Portaera horiek desegokitzat jo ditu udalak eta ingurunea kaltetzeaz gain, gaineratu du «herritarren ongizatea eta auzolaneko ahaleginak zapuzten» dituztela.

Jarrera horiek gaitzestearekin batera, berriz, «ingurua zaintzeko ardura» herritar guztiena dela ere nabarmendu du: «Bide bazterrak hondakin-leku bihurtzeak ez du justifikaziorik eta guztion artean lortutako garbitasuna eta ordena kolokan jartzen ditu. Herri garbi bat guztion artean eraikitzen da, eta guztion ardura da ingurunea errespetatzea».

Hari berari tiraka, nabarmendu dute hondakin handiak botatzeko Tolosaldeko Mankomunitatearen bitartez bilketa-zerbitzu bereziak eskaintzen dituela udalak; eta horiek erabiltzeko dei ere egin dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!