'Olentzero, nora zoaz?' hitzaldia, bihar

Ataria 2024ko aza. 26a, 16:22

Pernando Amezketarra kultur etxeko areto nagusian egingo dute, eta 18:00etan hasiko da.

Olentzero, nora zoaz? hitzaldia izango dute, bihar, Amezketan. Dantzan Elkarteak antolatu du hitzordua eta Pernando Amezketarra kultur etxeko areto nagusian izango da, 18:00etan. Oier Araolaza (Elgoibar, Gipuzkoa, 1972) dantzari, kazetari eta antropologoak emango du hitzaldia eta Eguberrietako sinbolo nagusien inguruko gogoeta sustatzea izango du helburu, kontuan hartuta «tradizioa, historia, aldaketa, ekonomia eta generoa».

Hitzaldiaren sinopsia:
«Menditik zetorren ikazkin tripontzi eta mozkortia bankuko zuzendaria bezain dotore agertzen hasi zaigu azken urteotan. Aurpegia garbituta, arropak txukunduta eta bizarra zurituta ageri zaigu Olentzero, Mari Domingi alboan duela. Lanak ditugu zakuan ikatza zekarren baso-mutila ezagutzen. Erosketa garestiak kreditu txarteletik pasatzen dizkizun saltzailea dirudi. Atzeak erakusten omen du nola dantzatu aurrea, eta nolako Olentzero nahi dugun erabakitzeko jatorriari begiratuko diogu, neguko solstizioa, sutan erretzen ziren enborrak eta euskal erritoen bilakaera ezagutzeko. Eguberrietako sinbolo nagusien inguruko gogoeta egingo dugu tradizioa, historia, aldaketa, ekonomia eta generoa kontuan hartuta».

Hizlariaren soslaia:
Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) dantzaria, kazetaria eta antropologoa da. Neguko festen ikertzailea da eta Halloween eta Animen gauaren, Olentzero eta Mari Domingiren eta inauterien inguruan hainbat artikulu, ikerketa eta hitzaldi eskaini ditu. Gizarte eta Kulturazko Antropologian eta Informazio Zientzietan lizentziatua, Gizarte-komunikazioan doktorea da (EHU/UPV, 2020). Generoa eta euskal dantza ikertu ditu Mikel Laboa katedran (EHU/UPV) egin duen doktore-tesian. Euskal dantzari buruzko ikasketetan (EHU/UPV, 2016-2017) irakasle aritu da eta Dantzertin, Euskadiko Arte Dramatikoa eta Dantzaren Goi Mailako Eskolan, euskal dantza irakasle izan da (2017). Euskal Dantza (Etxepare, 2012) liburuaren egilea da eta Eusko Jaurlaritzaren Kulturaren Euskal Kontseiluko kidea (2010-2022) izan da. Dantzan Elkartearen zuzendaria da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!