Bartolome Deuna kalean hasiko dira saneamendu lanak

Ataria 2024ko urriaren 31

Sanemandu lanen hasiera, iazko azaroan. N. ROLDAN DE ARANGUIZ

Saneamendu lanek aurrera jarraitzen dute eta, oraingoan, Bartolome Deuna kaleko 1. eta 19. zenbakien artean hasiko dira. Eragozpenak sortuko dituzte, besteak beste, trafikoan eta garajeen sartu-irtenetan.

Saneamendu obraren planak aurrera jarraitzen du Amezketan eta, orain, Bartolome Deuna kaleko 1. eta 19. zenbakien artean hasiko dira. Lanek hainbat eragozpen sortuko dituzte, horien artean, trafikoan eta inguruko garajeen sartu-irtenetan.

Amezketako Udaletik adierazi dute herritar bakoitzak antolatu beharko duela kotxeak barruan edo kanpoan uzteko. Autoa garajera «ezinbestean» sartu behar izatekotan, hori egin ahal izateko lurrean txapak jarriko dituzte: «Ezingo da une guztietan egin, eta garajea erabiltzen jarraitzeko asmoa duten herritarrek Jaizubia enpresarekin koordinatu beharko dute txapak noiz jarri antolatzeko».

Eragozpenen harira, udalak «lankidetza eta ulermena» eskatu ditu: «Beste guneetan egin den bezala, lankidetza eta ulermena eskatzen da herritarren partetik, denok gure partetik jarrita errazago eta azkarrago egiten baitira gauzak». Hari berari tiraka, adierazi dute lanean ari den enpresa eta Gipuzkoako Foru Aldundia «esfortzu handiak» egiten ari direla «ahalik eta eragozpen gutxien» sortzeko; horrez gain, gaineratu dute gainerako guneetan obrak «orokorrean ondo» doazela eta gauza bera espero dutela eremu honetan ere.

Amaitzeko, udaletik barkamena eskatu dute abisua «azken orduan» jakinarazi dutelako: «Barkatuko diguzue informazio hau azken orduan pasa izana, baina guri ere orain jakinarazi digute lanen egitasmoa».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!