Ondarreko langarako mendi bidean autoz ibiltzea saihesteko eskatu du Amezketako Udalak

Ataria 2024ko urriaren 11

Ondarreko langara doan bidea, konponduta. AMEZKETAKO UDALA

Errepidea konpontzen ari dira eta hormigoia «ondo egonkortzeko» autoekin pasatzea saihestu behar dela nabarmendu du udalak.

Amezketan amaitu dituzte Ondarreko langara doan bideko konponketa lanak. Herriko udaletik azaldu dute «asko» hobetuko direla erabiltzaileen «erosotasuna eta segurtasuna»; eta, gehitu,  «lan ona» egin dela eta emaitzarekin «pozik» geratu direla.

Asteazkenetik gaur arte bidearen hiru zatitan aritu dira lanean, hain zuzen, hormigoiarekin egin dute lan urak «gehien» kaltetzen dituen bidearen zatietan. Dena dela, emaitzak «ahalik eta eraginkorrenak» izateko trafikoa «ahalik eta txikiena» izan behar dela ere nabarmendu dute.

Zentzu horretan, herritarrei eskatu diete asteburuan ere saihesteko mendira joateko autoa erabiltzea, bide horretan behintzat. Bestalde, mendira joateko autoa «ezinbestean» behar duenak bidaia «goizean goiz» egitea ere eskatu dute, horrela hormigoiari «ahalik eta kalte gutxien» eragiteko.

Udaletik «pazientzia» eta «ahalegina» eskatu diete herritarrei: «Denon onerako izango da bidea ahalik eta txukunen gelditzea, eta horretarako ezinbestekoa izango da denok gure ahalegina egitea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!