Asteburuan ospatuko dituzte Errosarioko amaren jaiak Ugarten

Ataria 2024ko urriaren 2a

Herri kiroletako erakustaldia, joan den urteko jaietan. LEYRE CARRASCO

Ostiralean, urriaren 4an, kanpai-jotzea, suziria eta buruhandiak izango dituzte festa hasteko. Festek igandea izango du azken eguna, eta Jon Ostolaza eta Rakel Pujana trikitilariek itxiko dute egitaraua.

Amezketako Ugarte auzoan asteburuan ospatuko dituzte Errosarioko amaren jaiak eta jardueraz betetako egitaraua prestatu dute ostiraletik igandera. Ostiralean suziriarekin batera kanpaiak jo eta buruhandiak aterako dituzte festen hasiera ekitaldi gisa, eta trikiti poteo zein herri afariaren ondoren, Izer eta Alabier trikitilariek girotuko dute iluntzea.

Larunbatean goizetik iluntzera bitarte antolatu dituzte jarduerak, besteak beste, haurrentzako puzgarriak, zaldian ibilalditxoak, txokolate jatea, zahagi-ardoa eta, iluntzean, erromeria bi bikoterekin: Ansorregi-Larrañaga eta Laja Bi-Lutxurdio.

Festen azken egunean, urriaren 6an, mezaren ondoren pintxoak dastatzeko aukera izango da. Arratsaldean, berriz, herri kirolen erakustaldia izango dute eta, ondoren, ingurutxoa. Jaiak amaitzeko, berriz, Jon Ostolaza eta Rakel Pujana trikitilariak ariko dira.

UGARTEKO JAIAK
  • Ostirala, urriak 4
    • 19:30. Kanpai-jotze, suziri eta buruhandiak.
      • Ondoren. Trikiti poteoa.
    • 21:00. Herri afaria.
      • Jarraian. Erromeria Izer eta Alabier trikitilariekin eta, atsedenaldian, toka txapelketa.
  • Larunbata, urriak 5
    • 11:00. Herriko gaztetxoen pilota partidak.
    • 12:30-14:30 eta 16:00-19:00. Puzgarriak.
    • Arratsaldean zehar. Zaldian ibilalditxoak Ugarten zehar.
    • 16:00. Keparen oroimenezko II. mus txapelketa.
      • Izen-ematea 15:30ean, bikoteko 10 euro eta, gutxienez, batek herrikoa izan beharko du.
    • 17:30. Txokolate jatea bizkotxoekin.
    • 21:00. Zahagi-ardoa.
    • 22:30. Ansorregi-Larrañaga eta Laja Bi-Lutxurdio erromeria.
  • Igandea, urriak 6
    • 11:00. Meza nagusia.
      • Jarraian. Txakolin dastatzea eta pintxoak, plazan, Jon Ostolaza eta Rakel Pujana trikitilariekin.
    • 18:00. Herri kirolak.
      • Harria jasotzen: Maddi Gesalaga, Goizeder Abendibar eta Mikel Lopetegi Urra.
      • Aizkoran: Ugaitz Mugerza eta Eneko Otaño.
    • Ondoren. Ingurutxoa.
    • 20:30. Sagardo dastatzea eta Jon Ostolaza eta Rakel Pujana trikitilariak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!