Bigarrenez ospatuko dute mondejuaren azoka

Ataria 2024ko ira. 25a, 19:59

Urriaren 12an egingo dute, Amezketan, mondejuaren eta ardoaren azoka; igande honetan, berriz, mondejuari buruzko tailer bat egingo dute.

Bigarren urtez ospatuko dute Amezketan Mondeju&Ardo Azoka eta, aurten, urriaren 12an izango da. Goizetik arratsaldera bitarte antolatu dituzte jarduerak, eta herriko plazan postu bana jarriko dute bederatzi mondejugilek –sei banakok eta hiru tabernak– eta zazpi ardo-upategik. Eskaintza gastronomikoaz gain, beste hainbat hitzordu ere antolatu dituzte, horien artean, artzain txakurren erakustaldia eta photocall-a.

Mondejua ta Amezketa, zaletasuna baino + lelopean egingo dute azoka, eta aipatutako produktuez gain, bertaratzen direnek aukera izango dute Loidi eta Lizeaga baserrietako ardi gisatua eta Oteiza Goikoa gazta dastatzeko. Moxalaren festa gastronomikoan egin bezala, oraingoan ere txartelen bidez funtzionatuko du azokak; hau da, jendeak txartelak eskuratu ahal izango ditu 1,50 euroren truke eta, ondoren, janari postuetan trukatu. Eskaintza «berezi» bat ere jarriko dute, hain zuzen, lau txartel eskuratu ahal izango dira bost euroren truke; kopak, berriz, bi eurotan salduko dituzte.

Urtez urte produktuak biziraun ahal izateko gakoa belaunaldien arteko transmisioa izan dela uste dute antolatzaileek. Horren erakusletzat gonbidatu dituzte agerraldira Anastasio Balerdi, zeina artzain izan zen Aralarren urte askoan, eta haren alaba, Olatz Balerdi, zeinak mondejua egiten jarraitzen duen.

Transmisioa, etorkizuneko gako
Azokaz gain, mondejuari buruzko tailerra ere antolatu dute igande honetarako, irailaren 29rako. Produktuari «balioa eman» nahi diote horrela eta Aiora Aranbururen, Amezketako Udaleko Turismo zinegotziaren, hitzetan «transmisioa lantzea» da helburua: «Denboraldi hasiera irudikatzearekin batera, transmisioa landu nahi dugu. Belaunaldiz belaunaldi igaro da eta elkarbanatzen, bultzatzen eta indartzen jarraitu nahi dugu». Rosi Goñik eta Agurtzane Garmendiak gidatuko dute tailerra eta Pello Zabala gunean izango da, 12:00etatik 14:00etara. Bertaratzeko izena eman beharko da 657 370 156 zenbakira deituz, eta 25 laguneko edukiera izango du.

Mikel Arteaga Amezketako alkateak gogobeteta hitz egin du egitasmoaren inguruan, eta mondejuaren garrantzia nabarmendu du: «Tradizioa jatea da mondejua, artzaintzaren lana dastatzea eta etxeetako isiltasunetik, beren burua famatu beharrik gabe, etxeko andreek gorenera eman duten ikurra». Ohitura «bizirik mantentzea» helburu antolatu dute azoka, eta kontsumitzaileengan jarri fokua: «Artzain eta sukaldariez gain, kontsumitzaileak ere behar dira, mondeju jaleak. Gure herrietan, Aralar magalean, zaletasuna baino gehiago dutenak».

Turismo «jasangarria» helburu
Andu Martinez de Rituertok, Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak, azaldu du mondejuaren azoka Tolosaldeko Turismo Jasangarriko Planean aurreikusitako jarduera bat dela, zeina, aldi berean, 'Turistei bertako produktuen balioa nabarmentzeko' lan ildoaren barruan dagoen. Mondejua Amezketako «altxor» gastronomikotzat du Martinez de Rituertok eta produktua «hauspotzea» dute helburu, besteak beste.

Garapen agentziako lehendakariak aipatu duenez, Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren Planak 1.980.400 euroko aurrekontua du eta iaz jarri zuten martxan, hain zuzen, mondejuaren lehen azokarekin. Hari berari tiraka gehitu du urtea bukatzen denerako plan horren %30 gauzatzea dutela helburu, eta 2026ko martxoaren amaierarako, %100a. Proiektu gehiago sustatzeko gogoz hitz egin du lehendakariak: «Turismo jasangarri bat sustatuko duten honelako proiektu interesgarri gehiago aurkeztea espero dut epe laburrean».

Tolosaldea Garatzenek eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak hitzarmen bat sinatu zuten plan hau garatu ahal izateko Espainiako Gobernuko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan, Europar Batasuneko Next GenerationEU funtsen finantziazioarekin.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!