Plaza, zalditegi bihurtuta

Naiara Roldan de Aranguiz 2024ko irailaren 21a

Bigarrengoz antolatu dute Amezketako gazteek Zaldi Martxa. 09:00etan herriko plazatik abiatu eta 13:00etarako bueltan ziren.

09:00etan, «puntu-puntuan» irten dira Amezketako plazatik 42 zaldun. «Puntual» abiatzea jada albistetzat hartu du Ugaitz Galartza antolatzaileak. Bigarrengoz ekin diote Zaldi Martxari, eta ibilaldia amaitu berritan, pozik azaldu da Galartza zaldi gainean oraindik zegoela: «Dena ondo atera da».

Gertu zeuden parte hartzaileek ere euren iritzia eman nahi izan dute: «Espezial joan da dena». Lau orduko martxaren ondoren, ia 40 kilometro burututa, nekatuta baina pozik ziren egunak ekarriko zuenaren zain. Lehenik, bazkaria Beartzana jatetxean, arratsaldean triki-poteoa herrian barrena, eta gauean, Larrunarri frontoian herri afaria, sagardo kupel zein trikitilariak barne.

Bazkaltzera eseri aurretik ordea, herriko plazan martxa baten ondoren zaldiei eman beharreko zainketak ematen zeuden zaldunak: edaten eman, garbitu, zauriak artatu... Horretarako, antolatzaileek aska eta mahuka bat prest zuten. Honela, herriko plaza zalditegi bihurtu da herritarren ikusmirarako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!