San Martingo etxolan «oso gustura» aritu dira aurtengo arduradunak

Aitor Arroyo Askarai 2024ko ira. 19a, 07:59

Ttiri Gorostidi amezketarrak kudeatu du, aurten, San Martin auzoko etxola; datorren asteko larunbatean, hilaren 28an, egingo dute denboraldia amaitzeko «itxiera festa».

«Jendeak ondo erantzun du, oso ondo; eta neroni ere oso gustura aritu naiz», horrela hitz egin du Ttiri Gorostidik, Amezketako San Martingo etxolako aurtengo arduradunak, denboraldiaren  inguruan. Udako hilabeteetan eguraldia lagun izan duten guztietan eman dute zerbitzua eta datorren asteko larunbatean, irailaren 28an, agurtuko dute etxola, festa «berezi» batekin.

Esperientziarekin gogobeteta hitz egin du Gorostidik, baina aitortu du eguraldia ez dutela «onena» izan: «Abuztuko aurreneko hamabostaldia polita izan zen, baina hortik aurrera dexentetan egin digu huts eguraldiak». Duela bi urte ere aritu ziren etxola kudeatzen, eta uda hura ekarri du gogora: «Orduan bai, sekulako eguraldia egin zuen. Baita gehiegi ere, sekulako beroa egin baitzuen». Eta etxolaren «berezko» ezaugarria dela gehitu du: «Aurten ez da suertatu, baina Euskal Herrian badakigu: eguraldi ona ez da inoiz ziurra, ezta udan ere».

Agur esateko festa
Etxola agurtzeko Itxiera festa egingo dute: bazkari herrikoia antolatu dute eta Garixe, Txibilber, Etxade eta Txino trikitilariek girotuko dute festa. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, eta irailaren 24a –datorren asteko asteartea– izango da horretarako azken eguna.

«Itxiera txukun bat eman nahi genion denboraldiari eta festa polita izango da». Oraingoan ere, ordea, eguraldia izango dute baldintza: «Gure esku dagoena antolatuko dugu, eta eguraldiak lagundu egin beharko gaitu. Txarra eginez gero, berriz, ari naiz aukera ezberdinak pentsatzen». Euria eginez gero agian herriko elkartean egingo dutela aurreratu du Gorostidik, baina oraindik ez omen du elkartekoekin zehaztu nola egin dezaketen. «Pena handia litzateke dena antolatuta eduki eta, azkenean, behera geratzea».

Ospakizunerako gondibapena, berriz, «animatu nahi duten guztientzat» luzatu du: «Dagoeneko batzuk hasi dira txartelak erosten. Neroni ere ilusioz eta gogotsu nago eta, horrela, errazagoa da edozein lan egitea; polita izatea espero dugu».

Datorren urtean berriro kudeatzeko aukerari begira, aldiz, oraindik ez omen ditu asmoak zehaztu: «Egia esan ez dut pentsatu, oraindik, behintzat. Ikusiko dugu ea urtea nola joaten den, baina, momentuz, ezin dut ezer aurreratu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!