Moxala erdigunean, festa eta hausnarketa uztartuz

Ataria 2024ko ira. 10a, 19:58

Muxal Festa Gastronomikoa egingo dute larunbatean; herriko moxalak dastatu ahalko dira.

Ilusioa zuten aspalditik moxal haragia herriko plazan eskaintzeko AralarEko proiektuko Uxue Artola eta Josu Goñi bikoteak. Halaxe, ideia hartatik abiatuta, forma hartu du larunbatean Amezketan lehenengo aldiz ospatuko den Muxal Festa Gastronomikoak. Honetarako, elikagaiei zein gastronomiari lotuta dauden proiektuak izan dituzte bidelagun, hala nola, Ama jatetxea, Balerdipeko eztia, Amezketako errota, Zidernaut edariak eta Bertakoteka taberna.

Udalak azaldutakoaren arabera, bost postu egongo dira larunbat arratsaldean plazan, moxal haragia modu desberdinetan eta formatu informalean eskainiz. Uxue Artolaren hitzetan, «moxal haragia jateko ohitura galdu egin da gure inguruan, eta festa honekin hurbildu egin nahi dugu jendea moxal haragia jatera. Duela hamarkada gutxi, esaterako, Tolosan hiru harategi zeuden zaldi haragia saltzen zutenak. Gaur egun, ez dago eskaintzarik». Duela bi urte sortu zuten AralarEko proiektua. Udan zehar Aralarren egoten dira abereak, eta neguan zehar, etxeondoko zelaietara jaisten dira. Bertako kontsumoa bultzatu eta jasangarritasunean oinarritutako produktuak sortzea ditu helburu proiektuak.

18:00etan hasiko da festa. Lehenik eta behin, tertuliarako tartea irekiko da, parte hartuko duten proiektuen ahotik. Garrantzitsua iruditu zaie horrelako plazak izatea, gizarte bezala, elikaduraren inguruan hausnartzeko. Josu Ozaita antropologoak dinamizatuta, postuetako arduradunek hitz egingo dute. Antolatzaileek herritarrak eta bisitariak gonbidatu nahi dituzte tertuliara, eta euren iritzia ere garrantzitsua dela deritzote, «bidea elkarrekin egin beharra dugulako». Hizketaldiaren ostean, Javi Rivero Ama jatetxeko sukaldariak moxal haragiarekin egindako tartarra prestatuko du zuzenean, bertaratuek dastatzeko. Hausnarketaz gain, musika ere egongo da Bidenabar musika taldeak kontzertu akustikoa eskainiko baitu.

Amezketako Udalak ekimena babestu du eta Baserria ta Amezketa, elikadura baino + mugimenduaren barruan kokatu du. 

POSTUETAKO ESKAINTZA
  • Ama jatetxea. Parrilan erretako moxal txuleten bokatatxoak.
  • Zidernaut edariak. Bibalabirjen 3 garagardo desberdin (txuria, tostatua eta Ipa) eta Kattalingorri cider edo sagar ardoaz gain, alkoholik gabeko sagar zuku naturala.
  • Balerdipeko erleak. Natxoak haragi gisatuarekin, piku eta eztiaz egindako saltsa batekin alaituta.
  • Amezketako errota eta AralarEko. Taloak haragi egosia eta saltsa berezi batekin jateko.
  • Bertakoteka taberna. Moxal burgerrak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!