Herria «biziagotzeko» parte hartze prozesua

Ataria 2024ko irailaren 6a

Amezketako alkatea eta zenbait ekoizle, aurkezpenean, hizketan. IMANOL GARCIA LANDA

Hamabost bat ekoizlek hartuko dute parte prozesuan. Ekimenaren helburuak dira, besteak beste, bertako produktuak bultzatzea, jasangarritasuna garatzea eta elikadura burujabetza indartzea.

Amezketako Udalak parte hartze prozesu bat jarri du martxan hainbat ekoizlerekin batera Baserria ta Amezketa, elikadura baino+ lelopean. Arduradunek azaldu dutenez, herrian proiektu berriak sortu dituzte hainbat gaztek «ideia berritzaileekin»; eta parte hartze prozesua baliatu nahi dute errealitate berri hori «jasotzeko, ulertzeko eta aurrera begira jartzeko». Ekainean hasi zuten prozesua, eta azarora bitarte jarraituko dute.

Prozesuko dinamizazioa Zura enpresak egingo du eta, hasieran, bertako elikagaietatik bizi diren hamabost ekoizlek hartuko dute parte, dena dela, aurrera begira gehiagok parte hartzeko aukera ere zabalik utziko dute. Lehen pausoa eragile horien istorioak jasotzea izango da, eta horretarako haien etxeetara gerturatu eta solasaldiak egingo dituzte; horrela «bertatik bertara» ezagutu nahi dituzte ekoizleen proiektuak, beharrak, ideiak eta hausnarketak.

Bigarren fasean jasotako informazioa aztertu eta proposamen batzuk garatuko dituzte. Arduradunek azaldu dutenez: «Proposamenetako batzuk epe laburrean gauzatzekoak izango dira eta, beste batzuk, etorkizunera begira lanketa sakonagoak egiteko oinarriak izan daitezke. Udazkenean zehar, produktore eta udal ordezkariak elkartu eta hausnarketarekin jarraituko dute, ekintza praktikoak nola egin aztertzeko».

Udalak «ilusio berezia» du gaiarekin, «ezinbestekoa» iruditzen zaiolako «gertuko harremana» sortzea eta «elkarlanerako bideak» irekitzea: «Bertako produktuak eta ekonomia bultzatzeaz gain, herriko paisaia zaintzea, elikadura burujabetza indartzea, kalitatezko produktuak babestea eta hainbestetan aipatzen den jasangarritasuna modu lokaletik bideratzea baita. Azken finean, proiektu hau ezinbestekoa da herria biziagotzeko». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!