Amezketako Udalak lokal eta soto bana erosi ditu

Ataria 2024ko uztailaren 24a

Herriko plazan daude lokala eta sotoa. AMEZKETAKO UDALA

Herriko plazako eraikin batean daude lokala eta sotoa, eta bi espazioen artean ia 400 metro karratuko azalera osatzen dute.

Amezketako Udalari 2020an aurkeztu zion sustatzaile batek Estanko izenez ezaguna zen etxea botatzeko eta bertan etxebizitzak egiteko proiektua. Bederatzi etxebizitza, beheko lokal bat eta soto bat aurreikusten zituen proiektuak. Kafetegi bat jartzeko asmoa zuten lokalean, eta sotoa lur azpiko aparkaleku bihurtzea.

Duela «aste batzuk», ordea,  beheko lokaleko eta sotoko proiektuak «bertan behera» geratu zirela jakinarazi zion sustatzaileak udalari, eta espazioak berak erostea proposatu. Lokalak 165 metro karratu ditu eta sotoak, berriz, 225.

Udalak 160.000 euroan erosi du lokala, eta 60.000 euro ordaindu ditu, berriz, sotoagatik. Erabakia «hausnarketa» egin ondoren hartu dutela adierazi dute: «Gutxitan sortzen diren aukera horietako baten aurrean gaudela ondorioztatu dugu. Herriko plazan ia 400 metro karratuko espazioa herriarentzat izateko aukera da».

Amezketako Udalaren hitzetan, «esfortzu ekonomiko handia» izango bada ere, etorkizuneko herriarentzat zein herritarrentzat «ekarpen handia» egingo duelakoan daude, eta «pozik» azaldu dira erabakiarekin. «Aurrerantzean sortzen diren beharrak asetzeko espazio berria izango du herriak».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!