Sanbartolomeak ospatzen dituzte Amezketan, eta aurten, XI. Kuadrilla Egunarekin emango zaie hasiera herriko jaiei. Ohiko ekitaldiez gozatzeko aukera izango dute aurten ere amezketarrek, eta horien artean aurkitzen dira txakolin dastaketa eta gauero egiten den bingoa. Jaien lehen egunean XXI. Herriko Pilota Txapelketako finalak eta kuadrillen bazkaria egiteaz gain, Itzal taldearen erromeria eta DJ Naza entzuteko aukera izango dute herritarrek.
Euliaren jaitsiera ikusi ahal izateko, bigarren egunera arte itxaron beharko dute aurtengoan, umeen egunera arte, hain zuzen ere. Jaitsiera 20:30ean izango da, baina bien bitartean, haurrek gozatzeko aukera ugari izango dute; izan ere, 10:00etan hasi eta 17:00ak bitarte, puzgarriak eta jolasak egongo dira eskolan. Gauean, euliaren jaitsiera burutu ostean, zahagiardoarekin eta erromeriarekin amaituko dute eguna.
Abuztuaren 24a, aurten, larunbata, San Bartolome eguna izango da. Urteroko zitekin jarraituz, herritarrek Amezketako Txapeldunen Txapelketako finalak ikusi eta txakolina dastatzeko aukera izango dute. Horren ostean, I. Barttolin Txapela Jaurtiketa Txapelketaren txanda izango da. 12 urtetik gorako edonork izango du izena emateko aukera, eta aurtengo egitarauko berrikuntza dela kontuan hartuta, partaidetza handia espero da herritarren artean.
San Bartolome jaietako azken egunean, herri kirolak eta IV. Amezketako Futbol Sala Txapelketako finalak jokatuko dira herriko plazan eta Zumadi eskolako futbol zelaian. 18:00etan bertsolariek hartuko dute kirolarien erreleboa, eta Imanol Artola felix gai jartzaile dutela, goi mailako bertso saioa entzuteko aukera izango da. Festen azken txanpan sartuta, Fan&Go taldea ariko da kaleak alaitzen, eta sagardo dastaketa egingo dute afal aurretik. Amaitzeko, jaietako gau guztietan egin ohi duten moduan, bingoa egingo da, eta 01:00ean berriz, elbiaren entierroarekin, bukatutzat emango dira 2024. urteko San Bartolome jaiak.