San Martin auzoko eta herriaren erdialdeko parkeak egokitu dituzte

Aitor Arroyo Askarai 2024ko uzt. 3a, 07:58

San Martingo jolaslekua auzolanean egokitu dute hainbat herritarrek eta horretarako materiala eman die udalak; herriaren erdialdeko obra «epe motzean» bukatuko dute.

Herriko bi parketan berrikuntza eta egokitze lanak egin dituzte Amezketan. Batetik, joan den astean bukatu zituzten San Martin auzoko parkeko konpontze lanak. Udaletik azaldu dutenez,  azken urteetan hango jolas-parkea «egoera kaxkarrean» egon da eta hainbat herritarrek konponketa lanak egin dituzte bertan:  hautsita zeuden elementuak berritu eta «egoera desegokian» zeudenak konpondu dituzte.

Behin konponketa horiek eginda, herriko Gaztelekuko nerabeek elementuak bernizatu eta hainbat koloretan margotu dituzte, dinamizatzailearen eta herri-langileen laguntzarekin.

Elkarlanean aritu dira Amezketako Udala eta herritarrak, hain zuzen, materiala eman die udalak eta auzolana antolatu dute herritarrek. Mikel Arteaga alkateak uste du «txalotzekoa» dela herritarrek zein nerabeek egin duten lana.

Alkateak azaldu duenez, diru kopuru bat zuten gordeta parkea berritzeko, baina auzolanaren proposamenarekin ez dute erabiltzeko beharrik izan: «Auzolanaren aukera proposatu zigutenean gustu handiz hartu genuen eta nahiago izan genuen, inongo zalantzarik gabe, modu horretan berritu, parke berri bat jarri baino». Arteagak argitu du «balio handiagoa» ematen diotela lana modu horretan egiteari.

Martxan diren lanak
Joan den urtean estali zuten herriaren erdiguneko parkea, eta estalkia jartzerakoan jolaslekuko elementuak lekuz mugitu zituzten. Ondorioz, parkearen forma aldatu zen eta, bide beretik, baita lurzoruaren forma ere. Hori horrela, aurretik jolastokiaren azpian zegoen lurra agerian geratu zen, eta egoera «kaskar samarrean» zegoela-eta: «Lurra zakar samarra zen, zulo batzuk zituen eta egoera txar samarrean zegoen».

Zorua konpontzeko lanak egiten ari dira orain, eta aukera baliatuko dute uraren bidea ere aldatzeko: «Urak hobeto bideratu nahi ditugu, eta bi helburu horiek betetzeko egingo dituzte lanak». Ura bideratzeko zanga egin, sareta jarri eta guztia asfaltatzearekin bukatuko dute. Aste honetan edo hurrengoan bukatzea aurreikusten dute eta lanek, guztira, 8.000 euro inguruko kostua izango dute.


Herriaren erdiguneko jolastokiko obra. ATARIA

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!