Aitortza Jokin Altunari herrian

Ataria 2024ko eka. 26a, 19:57

Aurtengo Buruz Buruko Pilota Txapelketa irabazi ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aitortza jaso du Jokin Altuna amezketarrak bere herrian. Protagonistaz gain, ekitaldian izan dira Eider Mendoza ahaldun nagusia, Goizane Alvarez Kultura eta Kiroletako diputatua, Mikel Arteaga alkatea eta Altunaren senide zein Amezketako herritarrak, tartean Joxean Tolosa pilotari txapelduna eta Xalton Zabala Altunaren entrenatzailea profesional bihurtu aurretik.

Ekitaldia plazan hasi da, aurreskua dantzatu baitiote bertan Altunari. Herritar ugari ere elkartu dira bertan. Ondoren, omenaldiak kultur etxeko areto nagusian jarraitu du. Jendez bete da aretoa, eta ekitaldia zutik jarraitu behar izan duena ere izan da. Mikel Arteaga alkatea izan da lehenengoa hitz egiten, eta eskertu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari ekitaldia Amezketan egin ahal izatea. «Azkenaldian amezketarrok ohituta gaude Amezketaren izena lau haizetara dabilela ikusteaz, eta azken urteetan Jokinek betetzen du funtzio hori. Galdetzen digutenean nongoa garen, eta Amezketakoa garela esatean, 'Altunaren herrikoa' esan izan digute. Eta ohore bat da Amezketaren izena zabaltzearen funtzio hori Jokinek betetzea», esan du Arteagak. Pilotaren historia markatzen ari dela gaineratu du eta nabarmendu du «berezko dohainez» gain, lortzen ari den guztia «esfortzu eta lan handia batean ondorena» dela. Bide batez, eskertu dio egiten duena lanarengatik eta «Amezketari ematen dion guztiarengatik».

Goizane Alvarez Kultura eta Kiroletako diputatuak herri txikien garrantzia nabarmendu du, eta kirolari bati egunerokotasunean laguntzen diotenak bere gertukoak direla ekarri du gogora. Orain bi urte Altunari Gipuzkoa Kirola saria eman ziotela ekarri du gogora, eta bere «talentua, arrakasta eta lorpenak aitortzeaz gain», Altunari omenaldia egitearen arrazoia ere «munduan egoteko moduarengatik» dela azaldu du Alvarezek: «Erreferente ederra zara gazte askorentzako, bai zure irabazteko moduan eta galtzeko moduan ere».

Sariak emateko unea iritsi da, eta txapela eman dio Eider Mendozak Altunari. Alvarezek Nestor Basterretxearen eskultura baten erreplika eman dio, eta Arteagak landare bat udalaren eta herriaren partetik. Altunak berak hartu du hitza ondoren: «Lorpen handiak egin ditut, baina beti esaten dut hainbeste jenderen eta herrian sentitzen dudan maitasuna bezalako txapelik ez dago». Aldundiari ere eskertu dio ekitaldia herrian egitea, berarentzako «askoz bereziagoa» baita. «Sentitzen dut zerbait handia egiten ari naizela, hainbeste jende etorri dela ikusita», esan du eta udalari eskertu dio jasotzen duen tratua. «Berezia da Mikel alkatea izatea niretzako, txikitatik auzo berean hazi baikinen». Profesionaletan hamar urte bete dituela ekarri du gogora, eta hunkituta hitz egin du: «Pilotaria ez da izaten bakarrik profesionaletan hamar urte betetakoan, txikitatik egindako lan handia dago, nirea bakarrik ez, nire familiarena ere bai. Eskertu nahi diot aitari, amari eta arrebari, eta lagun guztiei, nire bidelagun handiak zaretelako, eta Xalton Zabalari ere, txikia nintzela besoak zabalik hartu ninduen, 18 urte arte bere ondoan gixon egin naiz, eta niretzat pozgarria da bera nire ibilbideaz gozatzen ikustea. Eskerrik asko denoi bihotzez».

Ekitaldiari amaiera emateko, Eider Mendoza ahaldun nagusiak hitz egin du. Altuna zoriondu eta herrian «horrelako aitortza» jasotzea ez dela erraza esan du: «Zorionak ez dira bakarrik egindako lorpenengatik, aldi berean ikusi daitekeelako zenbat jende duzun inguruan benetan maite zaituena». Ekitaldiaren inguruan hiru elementu nabarmendu nahi izan ditu Mendoza: «Baloreak, komunitatea eta nortasuna. Txapelek distira dute, baina horren atzean lan asko dago, sakrifizioa eta diziplina, eta apaltasuna. Komunitateari dagokionez, Jokinen ibilbidea ez da ulertzen soilik bere ahaleginari esker, baizik eta baduelako inguru sendo bat horretan lagundu duena: familia, lagunak eta herria. Nortasuna ere aipatu nahi nuke, badaudelako kirol batzuk oso gureak direnak, zaindu behar ditugunak eta zuk sekulako ekarpena egiten ari zara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!