Joan den maiatza itxi zen egunean zabaldu zuten Amezketako San Martin auzoko etxola. Urtero, eguraldia epeltzearekin batera irekitzen dute, eta Ttiri Gorostidi amezketarrak kudeatuko du aurten. Ekainaren 20ra bitarte asteburuetan bakarrik egongo da zabalik eta hortik aurrera, berriz, egunero emango dute zerbitzua.
Gorostidiren hitzetan, izango du «berezitik» hilaren 20ak: «Osteguna tokatzen da ekainaren 20a, eta pintxo-potea egingo dugu udako ordutegiarekin hasteko». Hortik aurrera ostegunero egingo dute pintxo-potea, betiere eguraldiak «laguntzen badie»; etxola ere egunero zabalduko dute egun horretatik aurrera, eta horrela mantenduko dute abuztua bukatu bitarte. Irailean zehar, berriz, atzera asteburuko egunetan bakarrik irekitzera itzuliko dira.
Eskaintza osatua
Edariak, izozkiak, gozokiak eta hainbat zizka-mizka eskaintzen dituzte San Martingo etxolan, eta joan den urtetik hona beste postu bat ere badute ondoan, hain zuzen, Argaia Goena baserrikoa. Jatekoa eskaintzen dute bigarren horretan, besteak beste, hanburgesak.
Bi etxolek elkar osatzen dutelakoan dago Gorostidi: «Haiek jatekoa eskaintzen dute eta, guk, edatekoa, batik bat. Batak bestea osatzen du eta elkarlana polita izango delakoan nago». Hari berari tiraka, bigarren postuak «giroa sortzen eta jendea erakartzen» ere lagunduko duela uste du amezketarrak.
Bigarrena dute biek
Iaz jarri zuten aurrenekoz postua Argaia Goena baserrikoek eta jendeak «oso erantzun ona» eman omen zien. Gorostidik ere bigarren aldia du San Martinen, izan ere, duela bi urte aritu zen etxola kudeatzen.
«Esperientzia polita izan zen, eta oso gustura egon ginen», horrela hitz egin du Gorostidik aurreko esperientziaren inguruan. Ildo berean esan du gehien gustatzen zaizkion ezaugarriak «giro atsegina» eta ingurua direla: «Giro oso atsegina sortzen da hemen, eta etortzen direnak ere halakoak izaten dira. Jendearekin zuzeneko harremana asko gustatzen zait, asebetetzen nau; eta ingurua paregabea da». Kontrara, aitortu du eguraldiarekin «jokoan asko» dutela; eta euria eginez gero ez dutela izaten «zer eginik», aterperik ez dutela-eta.
Kultur eskaintza
Iaz taberna zerbitzuaz gain, hainbat kultur jarduera ere antolatu zituzten etxolako kudeatzaileek. Aurtengo asmoei buruz, berriz, Gorostidik nabarmendu du iaz maila «oso altu» jarri zutela, baina aurten ere «zertxobait» egiteko intentzioa baduela. Horretan, hain zuzen, joan den urteko kudeatzaileekin elkarlanean arituko dela ere aipatu du.