Lo gutxi eginda azaldu zen Jokin Altuna (Amezketa, 1996) txapeldunaren argazki saio eta prentsaurrekora. Besteetan baino goizago izan zen oso ohikoa bihurtu den kazetarien aurreko saio hori, txapela buruan zuela eta kopa eskuetan. Ez zegoen hain nekatuta, buruz burukoaren finala ez baitzen espero zen bezain gogorra eta estua izan. 22-5 irabazi zion amezketarrak Unai Lasori, tartean 19 tanto jarraian egin ondoren. Ospakizunak zirela-eta lo gutxi egin arren, ez zegoen kezkatuta Altuna, oporretara joatekoa baitzen zuzenean prentsakoekin egon ondoren, eta bidaian lo egitea espero zuen.
Nola joan dira ospakizunak?
Oso gustura egon naiz. Partida bukatu ondoren, ordubetetxo bat egon nintzen aldagelan David eta Migel Merinorekin, eta gustatzen zait tarte bat lasai egotea. Gero, Amezketara etorri nintzen, lagunekin hartu nuen zerbait, baina ondoren familiarekin egon nintzen, beraiekin lasai egon nahi nuelako. Gero lagunengana joan nintzen eta ospatu genuen, baina gustatzen zait horrelako momentuak eta gero, pixka bat lasai egon eta disfrutatzea lortu duzun horretaz. Bestela, jendearekin-eta dena oso azkar pasatzen zaizu, eta pixka bat pultsazioak jaitsi nahi nituen; lortutakoaz disfrutatzea gustatzen zait.
Txapelak ospatzeko moduak ere aldatzen joaten dira, beraz.
Momentuan momentukoa. Batzuetan ongietorriak egin izan dizkidate. Oraingoan nik neuk eskatu nuen nahiago nuela zerbait lasaiagoa. Handik etortzerakoan zerbait hartu lagunekin, eta gero nahiago nuela familiarekin pixka bat egon.
Zer moduz sentitzen zara?
Gustura, pozik oso. Orain gogoz bi aste hauek lasai hartu eta pilak kargatzeko. Beharra daukat, eta ahal balitz gehiago deskantsatu eta deskonektatuko nuke; askotan ikusten dut beharrezkoa dela, eta ez fisikoki bakarrik, dena hain jarraian joaten delako. Horrelako lorpenak disfrutatzeko ere ez duzu hainbesteko denbora izaten, segituan helburu berriak jartzen dituzulako. Hori bai, uda hasi aurretik izaten den azken txapela da, eta denbora pixka bat gehiago izaten duzu disfrutatzeko.
Partidari buruz pentsatzeko aukera izan duzu?
Hurrengo egunetan agian, baina nire sentsazioak dira oso ondo sentitu nintzela hasieratik. Markagailua aparte utzita, hankaz-eta ikaragarri sentitu naiz, aurreko partidetan ere bai. Urte guztian asko entrenatu dugu, eta fisikoki aste batzuk gogorrak egin zaizkit, baina prestatzailearekin hitz eginda nuen hori, eta gero balio izan dit. Azken finean, urte guztiko lana da, eta urte guztian zehar emaitza aldetik ere zorte pixka bat izaten duzunean eta gauzak alde erortzen direnean, poza doblea da.
Non dago Jokin Altunaren muga?
Ez naiz horretan pentsatzen egoten. Gustura nago egiten ari naizen bidearekin. Hau orain disfrutatzea tokatzen zait, baina ikasi dudana da ibilbide honetan ez dagoela lo hartzerik, denok asko saiatzen garelako eta denok nahi dugulako hobetu. Eta niri urte batean tokatu zait aurkari bat, beste batean beste bat, eta denak puntu oso onean. Balioa ematen diot azkeneko urteetan hor nagoela, eta horrek indarra ematen dit, eta nahiko nuke urte batzuetan hor segitzea. Badakit zaila izango dela erritmo honetan, baina nire helburua hori da eta horretarako entrenatzen dut.
Eugi eta Gallastegiren parean zaude buruz burukoan, hiru txapelekin.
Hitz handiak dira horiek, eta banaka hiru txapel izatea gauza handia da. Oso pozik nago, eta finalaren ondoren esan nuen, hasi nintzenean nire erronka buruz buru txapel bat lortzea zela, iruditzen zitzaidalako beste modalitateetan aukera gehiago izango nituela. Alderantziz izan da; pentsatzen zen binaka emaitza hobeak izango nituela, eta nire ustez emaitza oso onak izaten ari naiz, baina oso zaila da irabaztea. Eta banaka ez nuen pentsatzen hiru txapel izatea, are gutxiago 28 urterekin, baina horrek ez du esan nahi horrekin konformatuko naizenik, eta dena emango dut gauza gehiago lortzeko.
Guztira zortzi txapel dituzu, hiru modalitateak kontuan hartuta. Nola mantentzen duzu ez konformatzeko grina hori ?
Asko gustatzen zait pilota, eta horrek laguntzen dit. Txikitatik egin dudan kirol bat da eta beti gustatu izan zait kirolaren egunerokotasuna. Lagunekin entrenatzea gustatzen zait, pilotan nabilenean beti gustura nabil, eta beti hobetu nahi izaten dut. Ez dut jartzen enfokea zortzi txapel edukitzean eta bederatzigarrenaren bila joatean; ez naiz horretan pentsatzen ari. Txapelketa bakoitza hartzen dut ilusio berberarekin; momentu ezberdinak izaten dira norberarenak ere, baina gehienbat gustatzen zait pilotan aritzea. Eta orain esan dut deskonektatu nahi dudala, baina badakit hamar egun pasa eta etortzen naizenean, gogoa izango dudala takoak jarri eta berriro ere frontoira joateko. Txapel bat gehiago edo gutxiago lortu, zoriontsua naiz pilotan nabilen bitartean, edo gero badakit gehien faltan botako dudana egunerokotasun hori dela.
Zeri ematen diozu garrantzi gehiago, goi mailan egoteari edo lortutako txapel kopuruari?
Batak bestea dakar: txapel asko lortzeko hor ibili behar duzu borrokan. Askotan borrokan ibilita ere ez da erraza. Iristea zaila da eta irabaztea ere zaila da. Nik gehiago zentratu behar dut maila horretan egoten, saiatu zaintzen, deskantsatzen eta ondo entrenatzen, momentu horiek iristean direnean aukera izateko berriz ere txapel batengatik borrokatzeko. Horretarako, aurretik gauza asko egin behar dituzu ondo eta eguna iristen denean sentsazio onak izan behar dituzu. Beti ez da gertatzen, faktore asko daude kirolean; atzo [igandean] aldeko erori ziren eta oso kontentu nago.
Azken hamabi hilabeteetan, lau final eta bi txapel...
Aurreko urtea edo denboraldia izan zen nire ustez nire jokorik onena atera nuena, baina gero txapelik ez nuen lortu: lau eta erdian tanto batengatik galdu, Aitorren [Elordi] aurka buruz buru galdu eta binakako finalera iristear geundela Tolosak mina hartu zuen. Horregatik diot kirolean faktore asko daudela, eta maila onena izan arren irabaztea ez da erraza. Denboraldi honetan zailtasun gehiago izan ditut, baina gero egun erabakigarria iristerakoan nirea hobeto eman dut eta txapel gehiago irabazi ditut.