Altuna III VS Laso _ Buruz Buruko Finala 2024

Jokin Altuna Buruz Buruko garaile, hirugarren aldiz

Ataria 2024ko ekainaren 2a

Argazkia: @argindar

Unai Lasoren aurka 22-5 irabazi du pilotari amezketarrak, gaur arratsaldean, Bilbon jokatu duten Buruz Buruzko finalean.

Txapela, beste behin, Amezketan erori da. Izan ere, Jokin Altunak bere ibilbideko zortzigarren txapela irabazi du; Buruz Buruko hirugarrena. Hain justu, gaur arratsaldean Bilbon jokatu du Buruz Buruko finala, Unai Laso 22 eta 5 mendean hartuta.

Nafarrak egin du lehen tantoa, baina amezketarra segituan aurreratu zaio. Altunak sake gogorrak egin ditu, bata bestearen atzetik, eta ondorengo tantoetan nahieran aritu da (19-1). Lasok ez du lekurik izan Bizkaia frontoiko kantxan. Gainera, arazoak izan ditu esku batean, hasierako tantoetan pilotak pare bat aldiz kolpatuta, eta horri ere aurre egin behar izan dio nafarrak.

19 eta 2koarekin aurre egiten hasi dela ematen bazuen ere, ez da nahikoa izan Amezketako aztia gailentzeko. Eta, azkenean, 22 eta 5eko emaitzarekin izan da Altuna nagusi.

Altunaren adierazpenak

«Ikaragarria, kriston poza». Horiek izan dira amezketarraren lehen hitzak finala irabazi ostean. Buruz buruko partida batean txapeldun ateratzeko esperantza hasieratik izan duela esan du Altunak, «baina hirugarren txapela irabaztea ikaragarria izan da».

Partidan ondo sartu da, sakeak atzean errazteko asmoa ekarri baitio. «Ni gaur oso suelto ikusten nintzen eta hori nahi nuen». Laso, aldiz, alderantziz ikusi du, «makalago».

Lanak amaituta, merezitako oporrak izango ditu amezketarrak. «Urte hau ikaragarri luzea eta gogorra izaten ari da eta egun batzuk behar ditut». Halaber, gaurko finalera joan diren senide eta lagunei emandako babesa eta berotasuna eskertu nahi izan die, «baina bereziki nire arrebari, aitari eta amari eskertu nahi diet, beraiek dira nirekin gehien daudenak eta beraiengatik iritsi naiz hona eta beraientzako».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!