Bosgarren finala izango du Jokin Altunak (Amezketa, 1996) buruz burukoan, eta hamabosgarrena hiru modalitateetan. Aurreko buruz buruko finaletatik bi irabazi eta bi galdu ditu. Oraingoan Unai Laso izango du aurkari, igande arratsaldean, Bilboko Bizkaia frontoian. Aurreko ostiralean elkarrizketatu ahal izan zuen txapeldun amezketarra ATARIA-k.
Finalerdia jokatu eta gero, nola joan dira egun hauek?
Ondo joan dira. Ospatu genuen, hori pasa da, eta finalera begira jarri ginen. Garrantzitsuena da minik ez hartzea orain, eta gogo handiz nago txapelketari bukaera ona emateko. Prest ikusten dut nire burua eta gogotsu nago.
Eskuak ondo?
Bai. Darioren aurkako partidan pixka bat kargatuta bukatu nuen, baina ondo osatu ziren eta gero oso ondo sentitu nintzen Iñakiren [Artola] aurka. Arazorik gabe iritsiko naiz eta gogo handiz.
Hainbeste final jokatuta, dagoeneko garbi izango duzu finalaren aurreko prestaketa, ezta?
Bai, baina gero egia da finala finala izaten dela, eta han egunean bertan izaten diren sentsazioak garrantzitsuak dira. Hala ere, beste partidetan gertatzen den moduan, ez dakizu final-laurdenetako partida batean edo finalerdi batean nola egongo zaren, eta gure esku dagoena da beste partida bat bezala prestatzea. Guk dakiguna hori da, entrenatu, gure esku dagoena egin, zaindu, atseden hartu eta hortik aurrera eguna iristen denean han eman behar da maila.
Finalerdia bukatu zenean, esan zenuen Laso zela faboritoa finalerako.
Bai, eta Artola ere iruditzen zitzaidan horrela zela finalerdirako, berak egin duen txapelketarengatik, eta ni baino sentsazio hobeekin eta errazago ibili delako txapelketan. Gero partida guztiak ezberdinak dira. Lasok bost partida jokatu ditu eta bost partidetan egurra eman du, ez dakit inork 13 tanto egin dizkion, eta horregatik uste dut bera dela faborito. Beste batzuetan txapelketan ni askoz hobe ibili naiz, sentsazio hobeekin, eta faborito ni izan naiz, baina oraingoan nire ustez bera da.
Lasoren aurka final-laurdenetako ligaxkan jokatu zenuen partida. Normalean ez dira errepikatzen partidak...
Nire helburua hori da, partida hori berriz ez errepikatzea. Partida horretan sekulako egurra eman zidan, ni baino gehiago izan zen. Eta horregatik esaten dut bera dela faborito, eta kontziente naiz oso partida zaila dudala.
Zein dira Lasoren indarguneak eta ahulguneak?
Esango nuke taktikoki oso ondo ari dela jokatzen, sakatzen, eskuinarekin gozatzen, eta gero aurrera egiten duenean ez du barkatzen gantxoz zein boleaz. Partidak egon dira, Darioren kontra adibidez, kosta egin zitzaiola irabaztea, baina gero ikusten da oso gutxi behar duela tantoak egiteko, oso azkar egiten ari dela. Hasieran ateratzen duen bizitasun horrekin zaila da berari eustea; saiatuko naiz eusten eta ahal dena nik neuk alde egiten markagailuan.
Ahulgunerik badu?
Txapelketa honetan ez du erakutsi behintzat. Partida guztiak irabazi ditu eta ez zaio ikusi ahulgunerik. Atzetik hasten zarenean, txapelketa osoan aurretik ibili ondoren, hor agian gauzak okerrago egiten hasten zara. Haizea alde dela, denok askoz hobeto jokatzen dugu. Orain arte bete-beteko txapelketa egin du, eta jokoaren atal guztietan nagusi izan da.
Buruak asko jokatzen du, batez ere gauzak okertzen zaizkizunean.
Bai, hala da. Momentu onak eta txarrak bizitzea tokatzen zaizu txapelketan zehar, eta prest egon behar duzu denerako. Momentu zailak etortzen zaizkizunean, zurean zentratu eta segi egin behar duzu gauzak ahal den ondoen egiten; ikusi zer egin duzun gaizki, baina kontziente izanda lasai asko kanporatua izan zaitezkeela. Gauzak lasaitasun horrekin hartzeak ere lagundu egin dit pixka bat, eta horregatik prest nago. Badakit beti ez dela izango azkenaldian daramadan bolada, eta horregatik esaten dut gaztea naizela eta dena ematen jarraitu nahi dudala, ari naizen moduan, baina prest nago onerako eta baita txarrerako ere.
Txapelketa honetan hobetzen joan zarela esan daiteke.
Bai, pixkana horrela izan da. Zabaletaren aurka partida irabazteak konfiantza eman zidan, eta gero pare bat aste izan nituen indartzeko, eta Darioren aurka jokatzeko. Dario buruz burukoan pilotari handia da, eta agian bere izena ez da izaten txapelketako faboritoen artean, baina bere aurka jokatzea ikaragarri gogorra da. Nire kontra dena gozatu zuen, sekulako pila eman zion eta horrelako pilotariari irabazteak eta aurre egiteak momentu horretan sekulako konfiantza eman zidan. Horregatik lasaitua hartu nuen, eta finalerdira konfiantzarekin joan nintzen eta ondo atera zitzaidan.
Bosgarren finala duzu buruz burukoan, eta finalaren aurreko elkarrizketetan beti gauza bera diogu, baina orain ere esan beharra dago: sekulako zenbakiak biltzen ari zara.
Kontentu nago, ibilbide polita egiten ari naiz. Profesionaletan hamar urte egitera noa aurten, eta niretzako berezia da hamar urte egin eta berriz banakako finala jokatzea. Poza ematen dit hona iristeak; aurretik hartu dut poza besteetara iritsi naizelako, irabazi dudan txapelengatik eta ikasi dudan guztiagatik. Ikasi dudan hori dena motxilan daramat, eta horrek ere lagundu egiten dit gauzak egiteko garaian, gauzei aurre egiteko garaian, eta oso pozik nago. Orain final hau dut, eta horren bila joango naiz dena emanda.
Denboraldi honetako hiru finalak jokatuko dituzu, lau eta erdikoa eta binakakoa kontuan izanik. Aldi hau da izaten ari zaren onena?
Ez dakit. COVIDaren garaitik etxean egon ginenetik, emaitza aldetik ez nago kexatzeko inola ere. Emaitza onak lortzen ari naiz, baina ez zait gehiegi gustatzen atzera begira egotea, gehienbat oraindik gaztea naizela iruditzen zaidalako, eta oraindik gauza politak lortu ditzakedala iruditzen zaidalako. Ilusioa lehenengo egunekoa bezalakoa da; sekulako ilusioa dut horrela segitzeko, eta txapelketa bakoitza hartzen dut aurrenekoa izango balitz bezala, atzera begiratu gabe. Horrek ematen dit indarra eta saiatuko naiz horrela jarraitzen.