Ez dira hainbeste urte herri gehienetako plazetan azokak egiten zirenetik; edo bai? Adinekoek –herri txikietakoek, batik bat– ondo gogoan izango dute nola biziagotzen zen herriko plaza baserritarren postuz osatutako azokekin. Azkenaldi luzean, ordea, bakantzen joan dira ia desagertzeko zorian dagoen espezie bilakatzeraino. Badira ohitura bizirik mantentzen duten herriak; eta badira, baita ere, usadioa berreskuratzen ari direnak. Horretan ari dira, hain zuzen, Amezketan.
Lauzpabost astetatik hona hiru postu biltzen dituzte, ostiralero, herriko plazan: fruta saltzailea, Larreta esnekiak eta Eguzki Leire okina. Azken bi horiek dira berrikuntza, fruta saltzailea aurretik ere bertaratzen zen-eta. Lehen, astean bitan joaten omen zen Amezketara; azkenaldian, ostera, beste bi ekoizleekin batera jartzen du postua ostiraletan.
Herritarrek, oro har, eskertu egin dute ekoizle gehiago bertaratu izana: «Herrian ez dago ia dendarik. Bada, honek ematen dizu aukera hemengo produktua erosteko eta baita ekoizleak laguntzeko ere». Ez da hori, ordea, nabarmendu duten abantaila bakarra. Azokako erosleek aipatu dute «erosoagoa» dela erosketa «herrian bertan» egitea eta, horrez gain, giroan ere eragiten duela: «Ostiral arratsaldeetan, normalean, plazan giroa egotean da eta honek herria bizirik mantentzen laguntzen du».
Onura hainbat norabidetan
Ostiraletako azokak kontsumitzaileentzat ez ezik, baditu onurak ekoizleentzat ere. Hala hitz egin du Leire Lizeaga Larreta esnekien postuko saltzaileak: «Salmenta zuzena egiten dugu, inongo bitartekaririk gabe, eta gertutasun handia ematen dizu horrek. Etxetik gertu saltzea eta erostea hobea da beti».
Iritzi berekoa da Leire Saizar Eguzki Leire postuko arduraduna, eta kontatu du lantegira ogia erostera inor joaten ez bazitzaion ere, plazako postuan saltzen dituela produktuak: «Jendeak badaki zer eta nola egiten dugun, eta plazan produktuak erakusteko aukera daukagu. Gertutasun horrek jendearekin harremana sortzeko eta sendotzeko aukera ematen digu».
Biek ala biek nabarmendu dute herritarrek «oso harrera ona» egin dietela, eta plazan daudenetik sentitzen omen dute euren lana estimatzen dutela. Lizeagak aipatu du ostiraletan erosketa plazan egiteko ohitura «sendotzen» ari dela, eta oso positibotzat jo du: «Probatu duen jendea itzuli egin da astez aste. Ohitura bihurtze hori polita eta garrantzitsua da, zure produktuarekiko fideltasuna garatzen dutelako herritarrek». Oro har, gogobeteta hitz egin dute ekoizleek ostiraletako hitzorduaren inguruan: «Azoka handiagoak ondo daude, baina hauetara etortzea ere eman dezakegun zerbitzu bat da eta mesedegarria da bai herritarrentzat, bai guretzat».