Amezketako 58 urteko kamioilari bat hil da Nafarroan

Ataria 2024ko apirilaren 23a

Iturria: Foruzaingoa

Trafiko istripu batean hil zen atzo, PA-30 errepidean; ibilgailua bidetik atera eta irauli egin zen.

Amezketako 58 urteko kamioilari bat hil zen atzo PA-30 errepidean, Arre parean (Ezkabarte, Nafarroa), auto batekin talka egin ostean. Kamioia irauli eta bidetik kanpo geratu zen kolpearen ondorioz.

LAB sindikatuak lanean izandako azken heriotza salatu du eta esan du 2024. urtean Euskal Herrian jada 21 langile hil direla lanean edo lan istripuz eta horietako zazpi garraiolariak izan direla. «Azken urteetan bereziki salatzen ari garen moduan, garraiolarien artean istripuen intzidentzia oso altua izaten ari da. Hainbat faktore daude intzidentzia horren atzean, baina bada guztien artean gailentzen den arrazoi bat: prekaritatea gero eta hedatuagoa dago sektorean. Oso prekarioak dira garraioaren sektoreko lan-baldintzak: lanaldi luzeak, estresa, presioak, garraioagatik ordaintzen duten prezio baxua, lan baldintzen eraginez modu osasuntsuan elikatzeko zailtasunak… Eta horrek guztiak istripuak sortzeko aukerak areagotzen ditu eta, era berean, arazo kardiobaskularrak eragiteko koktel perfektua sortzen du». Gehitu du garraioaren sektorean gertatzen diren lan istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar garraiolarien lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!