Altuna III _ Binakako Finala 2024

Altuna eta Martijak ezin izan dute garaipena lortu

Leyre Carrasco 2024ko mar. 31a, 21:11

Argazkia: Aspe

Binakako Pilota Txapelketako finala jokatu dute arratsaldean Nafarroa Arenan. Finalak tentsio momentuak utzi dizkigu, baita emozio handikoak ere. Markagailua nola joan den ikusi ez ezik, pilotariek sufritu egin dute, eta azkenean Etxeberriak eta Zabaletak 22-20 irabazi diote Altuna III.a eta Martijari.

Gorabeherak izan ditu markagailuak. Urdinak 0-3 aurreratu dira, baina hurrengo tarte nagusia gorriek ireki dute, markagailua 7-5 jarriz. Bi atzelariak ondo ari ziren, maila txukuna emanez, eta bi aurrelariak, berriz, konplexurik gabe mugitu dira aurreko koadroetan. Erritmo handian aritu dira lau pilotariak eta denbora aurrera joan ahala gogortu egin da partida.

Zabaletaren nagusitasuna erdialdean areagotu da eta orduan lortu dute urdinek markagailuko tartea zabaltzea (9-13). Gorriak atzetik ziren baina egoera berehala aldatu da. Gorriek bost tanto egin dituzte jarraian, eta aurre hartu diete markagailuan 14-13ko emaitzarekin. Jarraian hasi dira Altuna eta Martijaren huts egiteak, eta aurretik jarri dira berriro nafarrak.

Markagailua 14-21ean zegoela, finala amaitzear zegoela ematen zuen baina Etxeberriak eta Zabaletak azken tantora arte sufritu behar izan dute txapela jazteko. Izan ere, gorriek ez dute etsi eta tanto ederrak egin dituzte 20ra gerturatu zaizkienera arte Altuna eta Martija. Emozioa azken unera arte izan da Nafarroa Arenan. Lau finalistak leher eginda zeuden, baina Zabaletak lortu du azkenean pilota errebotean jarri eta azken tantoa egitea: 20-22. Zabaletaren bosgarren txapela izan da Binakakoan, eta Zenotzeko aurrelariaren lehenengoa profesional moduan. 

Emaitzarekin triste geratu dela adierazi du pilotari amezketarrak partidaren amaieran, «horrelako aukera bat hain gertu daukazunen pena ematen dizu, baina oso harro nago Julenekin [Martija] egindakoaz». Balorazioa zaila egitea dela dioen arren, Altunak uste du, «pilotazalei partida gogorra, amestua eta osoa eman diegula».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!