Hamalaugarren finala izango du lehen mailan Jokin Altunak (Amezketa, 1996) martxoaren 31n jokatuko duena: Binakako Pilota Txapelketa izango da jokoan, eta atzelari Julen Martija, eta aurkari Peio Etxeberria eta Zabaleta izango ditu.
Txapelketa bitxia izan dela esan daiteke?
Bai, niretzat txapelketa arraroa izan da. Hasieran lesionatuta nengoen, eta lehen hiru jardunaldi ez nituen jokatu, eta gero eskuan arazotxo bat izan nuen. Baina jokatu dudanean oso ondo sentitu naiz eta gustura egindakoaz. Julenek [Martija] oso txapelketa osoa egin du, gero eskuko mina izan nuenean eta Javi [Zabala] sartu zenean hiru puntu irabazi zituzten; momentu horretan zorte pixka bat ere izan nuen. Eta finalerdietan oso ondo sentitu gara eta ikaragarri kontentu gaude.
Zer sentitzen da finalera iritsita beste behin?
Poza latza, oso zaila delako finalera iristea. Iristen zaren bakoitzean sekulako poza hartzen duzu, eta gero kanpoan geratzea tokatzen zaizunean pena hartzen duzun moduan. Binakako txapelketa oso zaila da. Ikusi da oso ondo aritu direnak, Erik [Jaka] eta Mariezkurrena, eta txapelketa bukaeran agian gauzak ez zaizkiela atera. Gakoak diren momentuetan egon behar duzu ondo, askotan kontrolaezina da, eta guri ondo atera zaigu eta kontentu.
Argi dago Julen Martijarekin gustura aritzen zarela.
Beti egin dugu bikote ona, beti funtzionatu dugu, eta Julenekin oso kontentu jokatzen dut. Ezagutzen dugu elkar, ondo funtzionatzen dugu eta ea horrela jarraitzen dugun.
Finalerako Peio Etxeberria eta Zabaleta dira faborito?
Ez dakit... Frontoian ikusiko da dirua nola ateratzen den. Hortik aurrera, beraiek irabazi dezakete eta guk ere bai. Final irekia ikusten dut, oso zaila; final asko %50ean egoten dira, eta nahiz oso final gogorra izan, gu ondo gaude eta horrekin geratu behar gara.
Zabaleta horrelako mailan izanik, eta aurrean Peio Etxeberria duela, zaila da beraiei aurre egitea.
Egia da, eta badakigu Jose [Javier Zabaleta] zer mailatako pilotaria den, baina hortaz aparte Peiorekin bikote oso ona egin dute, eta zaila da eskua sartzea. Julen eta biok badakigu zer den beraiei irabaztea, eta zaila izango dugu partida, baina gure lana egiten zentratu behar dugu eta gure jokoa ateratzen. Hori egiten badugu, guk ere izango ditugu aukerak beraiek bezalaxe.
Gakoa zein izan daiteke?
Momentu batzuetan partidan beraiek aginduko dute, baina Julenek eta biok pilota luze ibiltzen dugunak gara eta ez diegu utzi behar beraiei agintea hartzen. Joseri bostetik uzten badiogu jokatzen, ondo irabaziko digute; mugitu egin behar ditugu, Jose deseroso egon dadin eta ahal den oldarkorrena jokatu. Esatea erraza da, gero han hainbeste jenderen aurrean egitea da zaila, eta ea lortzen dugun.
Nafarroa Arenan jokatuko duzue. Kantxak zenbateraino baldintzatu dezake partida?
Nire ustez ez kantxak ez pilotek ez dute esaten den bezainbeste baldintzatzen. Pilotarien momentua da garrantzitsuena. Beste frontoi bat da, aspaldi ez dugu bertan jokatu, baina aitzakiarik ez dago. Frontoi ona da denentzako, eta entrenatzera joango gara aste hauetan. Ez dut uste inork irabaziko duenik Iruñean jokatzeagatik.
Esan duzun moduan, ez zaudete ohituta frontoi horretara.
Finalak jokatu izan dira, baina gutxi, azkenaldian Bilbon gehiago jokatzen direlako. Urtean zehar ez gara joaten ez entrenatzera eta ezta partidak jokatzera ere. Ea aste honetan eta hurrengoan bi edo hiru entrenamendu onak egiten ditugun, eta ilusio guztiarekin joango gara finalera.
Lehen mailako hiru txapelketak kontuan hartuta, hamalaugarren finala jokatuko duzu. Nola motibatzen zara?
Txapelketa bakoitza sekulako ilusioarekin hartzen dut. Gustatzen zaidana pilotan jokatzea da, eta niri konfiantza eta indarra ematen dit. Hamalaugarrengora iristen zarenean, hamabosgarrenetik gertuago zaude. Nire helburua ez da ahal ditudan final gehienak jokatzea edo txapel gehienak irabaztea, baizik txapelketa bakoitza etortzen denean, ahal dudan ondoen prestatzea. Txapelketa bakoitzak asko motibatzen nau, aurkari oso gogorrak daude, eta horrela egiten diet aurre partida guztiei. Urtetik urtera, eskarmentuarekin, partidekin, aurkarien kontra jokatuz, ikasten zoaz. Bide polita egiten ari naiz, eta atzera gehiegi begiratu gabe, bide horretan disfrutatzen jarraitu nahi dut.
Bi aste hauetan prestaketak aurkarien arabera egiten dituzu?
Ez. Ostegunean dugu asmoa Iruñera entrenatzera joateko, gero astelehenean eta pilota aukeraketaren egunean. Fisikoki astero bezala entrenatzen saiatuko naiz. Finalarengatik ez dugu errutina aldatzen; azkenean finala da, garrantzitsua da, baina beste partida bat da eta lasai-lasai joango gara.
Tolosaldeko pilotariek goi mailan jarraitzen duzue: zu lehen mailako finalean, Iztueta bigarren mailakoan, Gabirondok debuta egingo du igandean...
Azkeneko urteetan emaitza oso onak lortzen ari dira Tolosaldeko pilotariak, eta polita da hemen inguruko pilotariak maila ona ematen ari direla ikustea.
Jokin Altuna eta Julen Martija, Etxeberriko frontoian.