Mugikorrerako aplikazioa berritu du Amezketako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 7a, 17:00
Alaitz Labaien zinegotzia, erdian, bertaratu diren bi herritarri laguntzen. A. ARROYO

Android sistema erabiltzen dutenek aurretik mugikorrean zuten aplikazioa borratu eta berria instalatu beharko dute; iOS darabiltenek, berriz, aplikazioa dagoeneko mugikorrean baldin badaukate, eguneratu egin beharko dute.

Amezketako Udalak telefono mugikorrerako aplikazioa berritu du. 2019an jarri zuten martxan, lehen aldiz, mugikorrerako udalaren aplikazioa, baina azkenaldian «zaharkitua» geratu zela eta zenbait arazo sortzen zituela-eta erabaki dute eguneratzea.

Berritzearekin batera, aurreko egitura mantendu badute ere, hainbat atal gehitu dizkiote; horien artean, 'Agenda' orria. Horrez gain, «arreta berezia» jarri dute udalaren eta herritarren arteko «harremana sustatzeko». Alaitz Labaien zinegotziak azaldu duenez, hein batean hori izanda aplikazioa berritzeko arrazoia: «Partaidetzaren alorretik bideratu dugu aplikazioa berritzeko proiektua; hain zuzen, helburua delako herritarrek udalarekin duten harremana sustatzea, eta harreman hori gertukoagoa izatea». Zentzu horretan, aplikazioak harremana «erraztu» egiten dutela uste dute.

ACV enpresarekin egin dute lan aplikazioa berritzeko eta osatzeko. Sei hilabetez aritu dira lanean eta, guztira, 8.288,50 euroko kostua izan du; horietatik 7.459,65 euro Gipuzkoako Foru Aldundiko dirulaguntza batez bitartez finantzatu dituzte. 2019an jarri zuten martxan aplikazioa eta, orduan, 6.400 euro inguruko inbertsioa egin zuten.

Aplikazioa zabaltzeko ahalegina
Udalaren aplikazioa herritarren artean «ahalik eta gehien» zabaltzea helburu, kalean jartzeko iragarki batzuk egin dituzte zenbait herritarren argazkiekin. Parte hartu dutenei eskerrak eman dizkie Labaienek, eta aplikazioan «hutsuneren bat» sumatzen badute udalari jakinarazteko ere eskatu die.

Aplikazio eguneratua eskuratzeko Android sistema erabiltzen dutenek aurretik mugikorrean zuten aplikazioa borratu eta berria instalatu beharko dute; iOS darabiltenek, berriz, aplikazioa dagoeneko mugikorrean baldin badaukate, eguneratu egin beharko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!