Ia lau milioi euro bideratu dituzte Amezketako saneamendu obra eta bidegorria egiteko

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 18a, 17:22
Aurkezpenean izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko, Gipuzkoako Ur Partzuergoko eta Amezketako Udaleko ordezkariak.

Amezketatik Ugartera joango da bidegorria; ur-saneamendu lanekin batera gas-azpiegitura jarriko dute Ugarterako.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Urak eta Amezketako Udalak 3,8 milioi euro bideratuko dituzte saneamendu lanak eta bidegorria egiteko. Saneamenduaren obra joan den urteko azaroaren erdialdean hasi zen, eta hemezortzi hilabetean bukatzeko aurreikuspena dute.

Hainbat fasetan gauzatuko dute saneamenduaren proiektua. Lehen aldian, aldundiak eta Gipuzkoako Ur Partzuergoak sustatutako saneamendu-sare bereizlearen helburua da Amezketako hondakinen urak biltzea herrigunea zeharkatuz, Ergoiena auzotik Ugartera. Bigarren fasean, saneamendua egingo dute Ugartetik Alegiara, Oria Erdiko Hodi Biltzailearekin konektatuta, hondakinen urak bideratu eta kudeatu daitezen Uraldeko araztegian, hots, partzuergoak Adunan duen araztegian. Aldi berean, Abaltzisketatik datozen hondakin-urak ere jasoko dituzte; eta, bigarren fasea amaitzean, Alegiako Errotaldea, Larraitz eta Beistin auzoetako hiri-isurketak ere gehituko dira.

Obra horietan ur beltzen kolektore nagusi berri bat egiteko asmoa dute; hori hornitzeko sare osoak 125 erregistro-putzu eta kutxatila ditu, eta hormigoizko elementu prefabrikatuen bidez eraikitzea aurreikusten dute. Amezketatik Ugarterako ur-hornidurako ubidea berritzeko, galdaketako 1.800 mililitroko hoditeria instalatuko dute, eta suteen aurkako hiru ur-hargune.

Era berean, saneamendu-kolektorearen eta bizikleta-oinezkoentzako bidearen obrak egitearekin batera, Gipuzkoako Ur Partzuergoak Ugarterako ur-hornidurako ubidea berrituko du; eta, aldi berean, Amezketako Udalak eta Nortegas enpresak gas-azpiegitura bat jarriko dute Ugarterako.

Bizikleta eta oinezkoen bidea
Proiektuaren barruan GI-2133 errepidearen paraleloan oinezkoentzako bizikleta-bide berri bat eraikiko dute. Amezketako herrigunetik Ugarte auzora joango da bidegorria, hiru metroko zabalera izango du eta 1.750 metroko luzera. LED argiztapena izango du bideak, eta dagozkion seinaleak eta hesiak ere izango ditu.

Proiektuak, guztira, 3.865.515 milioi euroko aurrekontua du (BEZa barne). Horietatik 811.889 euro bideratu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun sailak; 1.022.972 euro, Lurralde Oreka Berdeko sailak; Gipuzkoako Ur Partzuergoak 1.046.064 euro bideratu ditu; eta 984.589 euro, berriz, Amezketako Udalak. Aipatu bezala, saneamenduaren obrak iazko azaroaren erdialdean hasi ziren, eta Amezketa eta Oria ibaien ingurumen-kalitatea hobetzea eta Amezketako mugikortasun jasangarria sustatzea dute helburu. Proiektua Amezketa UTEari esleitu diote (Jaizubia Obras y Servicios SL – Afaltia), eta hemezortzi hilabeteko epea du lanak gauzatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!