Euskara ikasteko diru laguntzen sistema aldatu du Amezketako Udalak

Ataria 2024ko urtarrilaren 4a

Euskara ikasten duten herritarrek udalaren diru laguntza eskatzeko aukera izango dute.

Amezketako Udalak euskara ikasi nahi duten herritarrei laguntzen jarraituko du, baina sistema aldatu du. Orain arte  zuzenean euskaltegietako matrikula ordaintzen zuen, baina aurrerantzean eta inguruko udal gehienek egiten duten moduan, udalak zuzenean diruz lagunduko dio euskara ikasten duenari, honek matrikula ordain dezan.

Oinarrietan jasotzen denaren arabera, euskara ikasteko diru laguntzaren onuradunak izan daitezke ondorengo baldintzak betetzen dituzten amezketarrak: 18 urte edo gehiago izatea; matrikula egiterakoan HABEk onetsitako zentro batean matrikulatuta egotea; gutxienez % 75eko asistentzia-maila izatea A1, A2, B1, B2 mailatan eta% 80koa, C1 mailan; eta diru laguntzen onuradun izateko inolako debeku-kausarik ez izatea eta zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta Amezketako Udalarekikoak, egunean izatea.


Diru laguntzaren zenbatekoa, berriz, ondorengoa da: A1, A2, B1, B2 mailatan matrikularen %100eko diru laguntza jaso ahal izango da, 900 euroko gehieneko mugarekin; C1 mailan, matrikularen %80ko diru laguntza jaso ahal izango da, 500 euroko gehieneko mugarekin; eta azkenik esan C2 maila ez dela diruz lagunduko, ez eta barnetegi bateko egonaldiari dagokion gasturik.


Udalak onartutako sistema berriaren arabera, urtero, udazkenaren hasieran epe bat zabalduko dute herritarrek eskaera egiteko aurreko ikasturteko matrikulazio gastuak diruz laguntzeko. Horrela, ikastaroaren aprobetxamendua eta presentzia zehaztuta, diru laguntza azkartasunarekin kudeatu ahal izango da.


Amezketa herri euskalduna izaten jarraitzea amezketar guztien ardura dela gogoratu du udalak, dakitenek erabiltzea eta ez dakitenek ikastea, gero erabili ahal izateko, baina era berean, euskaraz dakitenen ardura dela ere ez dakitenei eta ikasten ari direnei bultzadatxo bat ematea, eta pazientziarekin eta modu errazean euskaraz ere zuzentzea, ikasten ari direnak animatuz eta bultzatuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!