Urtekaria 2023

Altuna III.ak zazpigarren txapela, laugarrena kaiolan

Ataria 2024ko urt. 3a, 07:59

Jokin Altuna, Lau eta Erdiko txapelarekin. I.G.L.

Guztira, lehen mailako zazpi irabazi ditu, beste bi buruz burukoan eta bat binaka.

Bere laugarren txapela irabazi du Jokin Altuna amezketarrak Lau eta Erdiko Txapelketan, finalean 22-9 irabazita Peio Etxeberriari. Guztira, lehen mailako zazpi irabazi ditu, beste bi buruz burukoan eta bat binaka. 27 urte bete ditu amezketarrak, eta historiako txapeldun handien bidearen pare ari da orain arteko ibilbidean. Gainera, aurten buruz buruko finalera ere iritsi da, baina Elordiren aurka galdu zuen, 18-22. Horrez gain, amezketarra eta Xabier Tolosa anoetarra Binakako Txapelketaren finalera iristeko zorian izan ziren, baina partida erabakigarria 19-16 irabazten ari zirela, Tolosa lesionatu egin zen, eta bertan behera utzi behar izan zuten partida, eta finala jokatzeko aukera.

Bestalde, Iñaki Artola alegiarrak bi urteko luzapena hitzartu du Baikorekin. Gorka Ugartemendia alkizarrak debuta egin du profesionaletan Baiko Pilota enpresarekin; Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu zuen debuteko partida. Jon Irazu adunarrak profesional mailan debuta egin du erremontean, Oriamendi 2010 enpresarekin; Berria Erremonte Txapelketan egin zuen debuta, Galarreta frontoian.

Hiru Hiriburuak txapelketako finala galdu zuen Irati Zabala lizartzarrak Leire Garairekin batera, 22-19, Amaia Aldai eta Arrate Bergeraren aurka, Bizkaia pilotalekuan 2.800 ikusleren aurrean. Maider Mendizabal anoetarrak Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak antolatutako Euskal Herriko Emakumezkoen Gomazko Paletako Irekia irabazi du elite mailan, Irazustabarrena bikotekidearekin, 30-26 irabaziz Murillo eta Galdosi. Euskal Herriko eskuz binakako emakumezkoen maila nagusiko finala galdu dute Behar Zana elkarteko Miren Larrarte bidaniarrak eta Itxaso Erasun zizurkildarrak, 22-16, Lea Ibarrako Alday-Gaminde bikotearen aurka.

Trinketean, Europako Txapelketa irabazi du Eneko Maiz billabonatarrak eskuz banaka, Orathegarayren aurka, eta Joxi Lopetegi irurarra Sebas Moncadarekin batera xarean txapeldun izan dira Perugorria eta Larisson bikoaren aurka. Bestalde, Eneko Maizek Binakako Trinkete Txapelketako finalean 40-31 galdu zuen Luis Sanchez nafarrarekin batera Echeverria-Ducassou bikotearen aurka.

Ibarra Sokatira Taldeak brontzezko bi domina

Munduko Sokatira Txapelketan bi brontzezko domina lortu dituzte Ibarra Sokatira Taldeko emakumezkoek. Ipar Irlandako Parkgate herrian jokatutako txapelketan klub bezala parte hartu dute ibartarrek, eta emakumezkoetan 540 eta 500 kilotan lortu dute hirugarren postua. 540 kiloko mailan txinatarren eta Beti Gazteren aurkako tiraldiak izan ezik, beste guztiak irabazi ditu Ibarrak. Hirugarren postuaren lehian Gaztedirekin neurtu dira ibartarrak. Ibarra 490 kilo pisatzen zuen zortzikoarekin lehiatu da, eta meritu handiz lortu dute hirugarren postua. 500 kiloko kategorian Txina Taipeiko Jingmei Dai Shi Dai taldea sailkatu da lehen postuan, bigarren Beti Gazte nafarrak, hirugarren Ibarra eta laugarren Txinako Txina Ansteel taldea. Bederatzi talde aritu dira lehian maila horretan, eta ibartarrek oso pozik bukatu dute egindako lanarekin. Misto mailan eta gizonezkoetan ere parte hartu dute, baina ez dira dominen borrokan egon. Ibarrako Udalak harrera egin die Ibarra Sokatira Taldekoei.

Eskualdeko segalari ugari Europako Txapelketan

Europako Sega Txapelketa jokatu da Eslovenian, eta euskal selekzioarekin eskualdeko segalari asko joan dira. Gizonezkoetan, Mikel Lizartza tolosarra, Oier Urkola anoetarra, Gorka Bildarratz tolosarra eta Amaiur Arrospide leaburuarra; emakumezkoetan, Luixa Uzkudun leaburuarra, Alaitz Imaz hernialdetarra, Ainara Otamendi ibartarra, Izadi Arrospide leaburuarra eta Sheyla Sarasola lizartzarra. Postu onenak Imazek, zazpigarren, eta Uzkudunek, bederatzigarren, lortu dituzte. Zizurkilen jokatutako Euskal Herriko Sega Txapelketan, Julen Gabirondo urnietarrak jantzi du txapela. Jokin Etxeberria amasarra izan da bigarrena, Mikel Lizartza tolosarra eta Oier Urkola anoetarraren aurretik. Euskal Herriko Bakarkako XIV. Sega Ligan Luixa Uzkudun izan da irabazlea, bigarren geratu da Alaitz Imaz eta hirugarren Ainara Otamendi. Gizonezkoetan, Mikel Lizartza geratu da lehen postuan, Miel Mari Jauregi Altzo bigarren postuan, eta Oier Urkola anoetarra hirugarren.

Bestalde, herri kirolen inguruko museoa zabaldu dute Gazteluko Ostatuan. Inaugurazioaren aurretik herri kirolen erakustaldia izan da, eta tartean parte hartu dute Gazteluko Sega Eskolako ikasleek.

Urdax Magunazelaiaren erakustaldia Asteasun

Nagusitasunez irabazi du Urdax Magunazelaia bizkaitarrak Euskadiko Harri Handien Txapelketa Asteasun, eta marka berria ezarri du, guztira 10.150 kilo jasoaz. Amezketako Albitzuri Handi Harria Txapelketa lau urtez behin egiten da, aurten egokitu da, eta Gorka Etxeberriak irabazi du. Bestalde, Jokin Eizmendi izan da txapeldun, Adunako XV. Gorostidi Harria Txapelketan. Binaka egin den Alegiako XVI. Txintxarri Sarian Urra eta Izeta IV.a izan dira irabazleak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!