Argia eta neguko solstizioa emanaldiko ardatz

Aitor Arroyo Askarai 2023ko abe. 13a, 11:59

Ekainean Et Incarnatus orkestrak Tolosako Urkizu auzoan egindako kontzertua. ASIER IMAZ

Larunbatean, abenduaren 16an, kontzertua eskainiko du Et Incarnatus orkestrak Alaitz Artola abeslariarekin batera; Amezketako San Bartolome elizan egingo dute, eta 19:00etan hasiko da.

Neguko solstizioaren harira Argiaren bila kontzertua eskainiko du Et Incarnatus orkestrak Alaitz Artola abeslariarekin batera. Amezketako San Bartolome elizan egingo dute emanaldia, 19:00etan hasiko da eta ordubete inguru iraungo du. Estreinakoz ariko dira elkarrekin Artola eta musikari taldea, eta emanaldi honetarako espresuki moldatu dute abeslariaren kanta bat orkestrarekin interpretatzeko.

Migel Zeberio Et Incarnatus Orkestrako zuzendariak azaldu du «girotze berezi bat» egingo dutela abestiak, olerkiak eta argia erabiliz: «Entzuteko atsegina eta erraza izango da. Estilo barrokotik gaur egungo musikara bitarteko abestiak interpretatuko ditugu». Zeberioren hitzetan, abesti «ezagunak zein ezezagunak» joko dituzte, eta izango omen da «inprobisaziorako tarterik ere». Beste berrikuntza bat da Artolaren abesti bat egokitu dutela orkestrarekin egiteko.

Lehen aldiz aritu dira elkarrekin lanean, eta gogobeteta hitz egin dute bai abeslariak, bai zuzendariak. Artolak kontatu du ez zuela «bi aldiz pentsatu» aukera proposatu ziotenean: «Hemen inguruan ibiltzen den orkestra bat da, zeinak oso proiektu politak egiten dituen. Aurretik ere ezagutzen nituen, eta gogotsu nago haiekin abesteko». Zeberiok, berriz, Artolaren abesteko gaitasuna eta formakuntza goraipatu ditu: «Esperientzia oso ona izaten ari da. Gaitasun handiko abeslaria da eta nabari da formakuntza sendoa egin duela». Biek ala biek nabarmendu dute «erraza eta atsegina» ari dela izaten elkarlana.

Emanaldi bete-betea
Aipatu bezala, hainbat estilotako obrak interpretatuko dituzte kontzertuan, besteak beste, Ave maria, Ikusezin,  Battalia, Itzaltzuko bardoa, eta Ai hau gabaren. Emanaldian, ordea, ez da musika izango protagonista bakarra: abesti horiek jotzeaz gain, Xabier Lizardiren eta Joxe Angel Irigarayen hainbat olerki errezitatuko baitituzte.

Imanol Artola Felix ariko da, hain zuzen, testuak irakurtzen; eta Irigaray berak lagundu die aukeraketa egiten. Zeberio zuzendariaren hitzetan, elementu guztiek komunean dituzte hainbat gai, horien artean, neguaren hasiera, eguzkia, argia eta espiritualtasuna.

Aurrez aipatutako osagarriez gain, izango da beste bat ere: Guillermo Olmo artistak ekarpena egingo du arte plastikoan. Zeberiok azaldu du sorpresa izango dela Olmoren ekarpena, eta berak ere ez dakiela zuzenean margotzen ariko den edo beste modu batean egingo duen ekarpena.

Elizaren bereizgarria
Ez da harritzekoa gure inguruko herri txikietan elizak topatzea. Amezketako San Bartolomek badu, ordea, ezaugarri bereizgarri bat. Hain zuzen, elizaren barruan hilobiak dituela; hori gutxi ez, eta antzinako ohitura bat ere mantentzen dute: argizaiolak piztea zendutako horien arimak gidatzeko.

Ezaugarri hori kontuan hartzetik harago, balioan jarri nahi izan du Zeberiok: «Munduaren beste puntaraino bidaiatzen dugu, bertako errituak eta ohiturak ezagutu gabe. Kontzertu hau okasio polita izan daiteke bertako ondare materiala eta materiagabea ezagutzeko». Oihartzuna izaten da elizen beste ohiko ezaugarri bat, baina Artolarentzat «abesteko toki erosoa» da herriko eliza, eta orkestrako zuzendaria ere ez du kezkatzen azpiegiturak: «Elizek beti izaten dute oihartzun handia. Baina teknikari ona daukagu, eta saiatuko gara ahalik eta gauzarik txukunena egiten».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!