Amezketako Udalak topografikoki mugatuko ditu landa eremuko partzelak

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 12a, 16:00

Datorren asteartean, abenduaren 19an, proiektua azaltzeko bilera irekiak egingo dituzte 11:30ean eta 18:00etan, kultur etxean.

Amezketako Udalak Geograma enpresa kontratatu du udalerriko 2. eta 3. poligonoetako landa-partzelen mugaketa egiteko. Aurreikusten dute lurren mugak «desagertzeko arriskuan» egon daitezkeela jabeek edo haien oinordekoek landa-jabetzak ahaztu edo ezagutzen ez badituzte; edo mugarriak eta mugak nahasgarriak baldin badira.

Egoera horren aurrean, Gipuzkoko Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuak diruz lagunduta, 340 hektareako azalera hartzen duten 300 partzela baino gehiago mugatzeko kontratatu du Geograma enpresa Amezketako Udalak. Udaletik azaldu dutenez, erronka «oso garrantzitsua» da, eta landa lurra «oso zabala» dela-eta, gainerako poligonoak «hurrengo urteetan» egingo dituzte.

Proiektuaren helburuak dira mugetan egon daitezkeen akatsak argitzea eta zuzentzea, eta mugei zein mugarriei GPS koordenatuak ematea: «Lanak behar bezala egiteko ezinbestekoa da 70 jabe baino gehiagoren laguntza izatea. Jabe horiek mugakideekin adostu beharko dituzte lursailen mugak eta mugarriak». Udaletik esan dute lanak egin ondoren mugen eta mugarrien koordenatuei dagozkien planoak emango zaizkiela titularrei, eta beharrezkoa izanez gero, Katastroaren mugak zuzenduko direla.

Laguntzarako deia
Amezketako Udalak jabeei mugak adosteko dei egin die: «Mugakideen artean adostasunik ez balego, ezin da proiektua gauzatu». Jabeen partaidetza borondatezkoa da, eta ez omen die inolako gastu ekonomikorik eragingo. Aldez aurretik mugak garbitu eta mugarriak aurkitu beharko dituzte jasotze topografikoak egiteko.

Horrez gain, Amezketako 2. eta 3. poligonoetako landa-lursailen titularrak gutun bat jasoko dute datorren asteko azalpen bilerara joateko gonbidapenarekin. Proiektuak azaltzeko bilerak datorren asteartean, abenduaren 19an, izango dira: 11:30ean eta 18:00etan, kultur etxean. Udalaren esanetan: «Guztioi interesatzen zaigun proiektua da. Udalak zuen laguntza eskertuko du».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!