Izena eta izana Amezketari

Naiara Roldan de Aranguiz 2023ko abe. 2a, 15:40

Pernando Amezketarra hil zela 200 urte betetzen diren honetan, Amezketa Pernando Amezketarra Eguna ari da ospatzen. Efemeridea baliatuta, herriko kultur etxea seme kuttunaren izenez bataiatu dute: Pernando Amezketarra Kultur Etxea.

200 urte igaro dira Pernando Amezketarra hil zela, baina herrian oraindik orain oso presente dago. Gaurko ospakizunarekin bertsolariaren izaera benetan ezagutzeko baliatu nahi izan dute.

Honela, goiz osoko ospakizunei ekin diete. Lehenik, Pernadoren ibilbidea egin dute herrian barrena. Hala ere, eguraldia dela eta ezin izan dute osorik egin. Ibilbidean zehar antzerki esketxak izan dira, eta bertsoak eta azalpenak ez dira falta izan. Pernandori egotzi izandako alproja izaeraren gainetik, askoz ere gehiago izan zela aldarrikatu dute: langilea, sortzailea, sendi zaintzailea, jakinduri handiko pertsona eta zapalduen aldekoa. Azken batean, «bertsolaritzan aitzindaria eta gizon zinez azkarra».

Dohainak gogora ekartzen herritarrak aritu dira batetik, geltokiz geltoki eskainitako antzerki saioen bitartez. Eta haiei eskerrak eman dizkiete, aurretik ere egin duten lanketagatik. Euken Fernandez, Aitzol Etxeberria, Ander Balerdi, Naiara Beloki, Alaitz Labaien, Alain Etxeberria eta Eneko Goitia izan dira Pernandoren garaia girotzeaz arduratu direnak.

Antzerkiaz gainera, bertsolaria omentzeko ezin bertsoak falta. Herriko bertsolari Bixente Gorostidi aritu da Fernando Bengoetxea Altuna Pernando Amezketarra omentzen. Lan horretan ondoan izan du Anjel Mari Peñagarikano. Omenaldiez gain, eta adar-jotzaile galanta zenez gero Pernando, Gorostidi eta Peña elkarri zirikatzen ere entzun dituzte bertaratutakoek.

Izena agerian

Herriko alkate Mikel Arteagak ardura izan du azken esketxa aurkezteko. Orduan, transmisioa izan du gogoan Arteagak, gaurko egunaren ospakizunerako ezinbestekoa: «200 urte eta gero Pernandoz gogoratzen bagara transmisioari esker da».

Jarraian, garaiko erretorea Juan Inazio Urretabizkaia, eta meza-laguntzailea azaldu dira kultur etxeko barandara. Honela, bataiatzearen unea iritsi da, antzerki bihurtuta, eta azken egunetan, kultur etxean zintzilik egondako pankarta kentzeko garaia heldu da. Orduan, agerian geratu da errotulu elegantea: Pernando Amezketarra Kultur Etxea. Aurrerantzean, amezketarrek biltzeko eta kulturaz gozatzeko guneak izen berria izango du, bertsolaria zendu zela bi mende gogoratuz.

Ezin jana falta

Eta edozein ospakizunek eskatzen duen gisan, Amezketan ere, festa talo jatearekin amaitu dute. Larrunarri frontoia jatetxe bihurtu eta taloak dastatzeko aukera izan dute bertaratutakoek.

Erlazionatuak

Pernando Amezketarrari bertsotan

Tolosaldeko Ataria 2023 abe 02 Amezketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!