Paulo Azpiazu parte hartzekoa zen, baina ez da osatu lesio batetik. Azken irabazlea izan zen Jokin Eizmendi ere ez da izango, lesio baten ondorioz. Txapelketa 17:30ean hasiko da, eta sarrerak 15 euro balioko du. Harri jasotzaile bakoitzak hamar minutu izango ditu ahal dituen jasoaldi gehienak emateko. Azken hogei urteotan lau urtez behin egiten da txapelketa.
Harri berezia da Albitzuri Handia. «166 kilo inguru ditu harriak. Erreka harri bat da, eta horregatik du berezko forma hori. Ez du behatzak sartzeko zulorik, eta harri jasotzaile bakoitzak izaten du bere modua harria altxatzeko», esan du Iñaki Amundarain zinegotziak. Bere saioa egin aurretik, hiru minutu izango du kirolari bakoitzak harria probatzeko. Lehen aukera ematen zen txapelketaren egunaren aurretik probatzeko, baina gero ezezkoa erabaki zuten.
Hiru harri jasotzaile daude harria probatu izan dutenak aurreko txapelketetan: Telleria IV.a, Etxeberria eta Galarraga. Zozketa bidez erabakiko da parte hartzaileen ordena. Jasoaldietan berdinketarik balego, gutxiago pisatzen duen harri jasotzailea aurretik geratuko litzateke.
«Sona handiko» harria dela azaldu du Amundarainek. «1947an egin zen lehen txapelketa, eta ondoren izan diren harri jasotzaile ia guztiek harriarekin zerikusia izan dute. Mundu horretan dabiltzanek esan izan dute Albitzuri Handia harri askoren ama dela. Altxatzen zaila da eta karga ere dezentekoa du».