Larrondoko larrealdirako izena emateko epea zabaldu da

Ataria 2023ko aza. 21a, 15:00

Izen ematea udaletxeko bulegoan egin beharko da, eta abenduaren 30a izango da horretarako azken eguna.

Dagoeneko zabalik dago Larrondo larrera ganadua igotzeko izena emateko epea. Udaletxeko bulegoan egin behar da izen-ematea, eta arduradunek azaldu dutenez, abenduaren 30a baino lehen egin behar da Foru Aldundiak eskatzen duelako larratzeko eskaeren jakinarazpenak abenduaren 31a baino lehen egitea, eskatzaileek dirulaguntza jasotzeko eskubiderik ez galtzeko.

Ganaduzaleek ardi eta ahuntz bakoitzeko euro bat ordaindu beharko dute, eta hamar euro, berriz, behi eta behor bakoitzeko.

Larreetara igotzeko epeei dagokienez, behiak, ahuntzak eta ardiak 2024ko maiatzaren 1etik 2025eko martxoaren 31era eraman ahal izango dira. Behorrak eta zaldiak, aldiz, 2024ko urriaren 12tik 2025eko martxoaren 31era.

Horrez gain, hainbat ohar zabaldu ditu Amezketako Udalak:

  • Ahuntzen kasuan, derrigorrezkoa da izena ematerako Gestio Plana aurkeztea.
  • Larrondora ezin da ganadurik eraman Enirio-Aralarko larreetara igo aurretik. Enirio-Aralarko larretara zuzenean eraman behar dira.
  • «Mesedez» eskatu dute landatutako landare gazteak eta itxiturak errespetatzeko, landareengan kalterik ez sortzeko.

Horrez gain, herriko udalak nabarmendu du deialdia ganaduzale «guztiei» luzatu diela, baita «udazkenean ganadua botatzen» dutenei ere: «Garbi gogorarazi eta jakinarazi nahi dizuet nahiz eta ganadua udazkenean larreratu, udaletxean izena orain eman behar dela. Neurri honi jarraipen zehatza egingo diogu eta agindu hau betetzen ez bada Amezketako Udalak bere neurriak hartuko ditu. Abereek derrigorrezko osasun baldintzak bete behar dituzte».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!