Altuna III VS P. Etxeberria _ Lau eta Erdiko Finala 2023

«Ez da txapelketa errazena izan, baina begira zer opari egin diodan nire buruari»

Imanol Garcia Landa 2023ko aza. 20a, 20:00

Irujorekin eta Olaizolarekin konparatzen zaionean, ez dela aritzen ariketa horiek egiten dio Jokin Altunak. Hori bai, gaur egun pilotan garrantzitsu sentitzen dela esan du.

Bere laugarren txapela irabazi du Jokin Altunak (Amezketa, 1996) Lau eta Erdiko Txapelketan, igandean 22-9 irabazita Peio Etxeberriari. Guztira, lehen mailako zazpi irabazi ditu, beste bi buruz burukoan eta bat binaka. Igandeko finalean berriro ere kolpea hartu eta mindu zuen ezkerreko sorbalda.

Nola duzu sorbalda?

Gaur [atzo] minarekin nago; gauean ohean ere minarekin egon nintzen. Banekien berriro kolpe txiki bat hartuz gero, nola esnatuko nintzen. Baina gustura nago, lanak bukatuta, uste baino askoz hobeto gainera. Orain osatzea tokatzen zait.

Noiz sartuko zara binakakoan?

Ez dakit, baina minik ez izan arte ez naiz kantxan berriro izango. Ez du zentzurik egoera hau luzatzeak, eta gutxiago nire adinean. Guztiz osatzerakoan berriro aterako naiz.

Medikuek esan didate garrantzitsua dela ondo sendatzea. Gomendatu didate geratzea, eta errehabilitazio ariketekin eta fisioaren lanarekin sendatuko dela iruditzen zaie. Ez bada horrela sendatzen, hurrengo pausoa plasma tratamendu bat egitea izango litzateke. Azkenean tratamendu hori behar bada, horrek suposatuko luke hilabete eta erdi geldirik egotea; gero entrenatu eta sasoian jartzeko denbora ere kontuan hartu beharko litzateke. Orain erabaki dugu atsedenarekin eta fisioarekin saiatzea, baina denbora beharko dut horretarako.

Ez dizute denbora zehatzik eman?

Lesioa egin nuenean esan zidaten lau eta sei aste bitartean izango zela. Kontua da txapelketan egon naizela, txapelketa motz batean. Lan handia egin dugu eta finalera iritsi eta egun horretan izan ditut sentsazio onenak, kolpea hartu arte. Ostiralean egin nuen entrenamendurik aurreko hilabete eta erdian ez dut egin, minik gabe. Horregatik atzo [igandean] oso lasai atera nintzen kantxara, eta kontentu nago, balio izan didalako irabazteko.

Zein da duzun lesioa zehazki?

Hasieratik esan zidaten zaintiratu bat edo fisura bat nuela artikulazio batean, eta horrez gain kolpe handia nuen. Binakako txapelketa bat izan bazen geratu egingo nintzen segituan, luzea delako. Lau eta Erdiko Txapelketa izanik, finalerdietan nengoen eta dena eman nahi nuen ondo jartzeko. Zortez ondo jarri nintzen eta finalerdia irabazi nuen, eta ez da txapelketa errazena izan, baina begira zer opari egin diodan nire buruari. Horren atzean lan handia dago eta oso harro nago egindakoarekin.

Nola joan ziren finalaren osteko ospakizunak?

Ikaragarri ondo pasa genuen. Atzo [igandean] ez genuen egin afaria jende guztiarekin. Erabaki nuen nahiago nuela familiarekin egon; gero gauean lagunekin egon nintzen. Herrian ongietorri oso polita egin zidaten, azken garaian egin didaten politenetakoa, bideo oso polit batekin.

Lau eta Erdian bigarren txapela irabazi zenuenean, inoiz baino txapeldunago sentitzen zinela esan zenuen. Nola sentitzen zara orain?

Gaur ere bai. Orduan ere horrela sentitzen nintzen. Orduan, gainera, gogoan dut oso hilabete gogorretatik gentozela, eta finala baino hilabete lehenago kolpea hartu nuen, eta oso polita izan zen txapelketa hura eta asko eman zidan. Honek ere bai, dudarik gabe. Hurrengo baterako ere balio dizu ikusteko egunerokotasuna ez dela erraza kirolari batentzat eta zailtasun horiek dituzunean asko balio duela sufritzeak, hortzak estutu eta aurrera egiteak. Horregatik txapel honek balio oso berezia du, baino ez beste batek baino gehiago edo gutxiago. Txapel bakoitza irabaztea ikaragarri zaila da, eta horregatik oso kontentu nago.

Zamarik kendu duzu txapel hau irabazita?

Zamarik ez dut kendu. Bai nuela gogoa txapela irabazteko, baina lau txapelketa bakarrik zeuden aurrekotik azken hau irabazi bitarte, eta horietan ere gertu ibili naiz txapela irabaztetik. Hori ere gauza ederra da.

Baina lasaitua hartu duzu?

Ez, lasaitua ez, poza latza. Txapelketa bakoitzean hori bera hartzen dut kontuan. Atzo [igandean] finalera atera banintz pentsatzen aurreko bi finalak galdu egin nituela eta hau irabazi egin behar nuela... Gainera, partidaren hasierak lagundu egin zidan, oso azkarra izan baitzen, eta ez zuen denbora gehiegirik eman buruari bueltak emateko. Peiok ez zuen egunik onena izan, eta markagailuan alde egin nuen. Zama kendu baino gehiago, poz handi bat hartu nuen.

Zure adinarekin beste inork ez ditu zure zenbakiak, ezta Irujok edo Olaizolak ere.

Hori badakit. Konparaketei begira ere ez naiz egoten. Niretzako horiek sekulakoak izan dira; gainera, beraien aurka jokatzeko aukera izan dut, eta pribilegiatu bat sentitzen naiz. Orain 27 urte ditut eta pilotan garrantzitsu sentitzen naiz, gauza handiak egiten ari naizela badakit, baina bihar honetaz ez didazue galdetuko. Binakakoa dator, beste txapelketa bat; erretiratzen garenean begiratuko diogu zenbakiei.

Txapelketa bakoitzean faboritoa zara irabazteko. Nola eramaten duzu hori?

Denborarekin uste dut hobe dela hori asimilatzea, horri bueltak ematen jarraitzea baino. Pentsatu faboritoa zarela eta horrekin jokatu behar duzula, aurkariei errespetu guztia erakutsiz, jakinik faboritoak askotan galdu egiten duela. Nik askotan galdu egin dut, eta irabazi ere bai faboritoa izan ez naizenean. Azkenean kirola horrela da. Kontu horiek hobeto eramaten ditudala uste dut, eta ondo sentitzen naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!