Partida «erosoa» izan dela, «baina ez sufritu gabea», esan du Jokin Altunak partida bukatu eta gero. «Aurretik joan naiz eta hasieran saketik min handia egin diot, eta tanto sorta horrek asko lagundu dit. Gero tanto gogorrak egon dira, non bera aurreratu egiten zitzaidan. Gaur berak ez du txapelketa guztian eman duen maila eman, baina nik bai, eta oso harro eta oso gustura nago». Txapelketa «zaila» izan dela gaineratu du: «Aste honetan esan dut, txapelketak izan dira oso ondo joan zaizkidanak, eta gero azken eguna iritsi eta... Kirola horrela da. Motibo batengatik edo beste batengatik aurkariak irabazi egiten du, eta oraingo honetan alderantziz izan da. Txapelketa onena orokorrean Peiorena izan da, baina hemen finala partida batera jokatzen da, eta oso pozik nago».
Aurkariak opariak egin dituela azaldu du Altunak, «baina opari horiek nire meritua ere izan direla uste dut. Oso ondo jokatu diot, partida ondo prestatuta ekarri dugu. Batzuetan ondo ateratzen zaizu eta besteetan ez. Pilotakada bat baino gehiago joarazten nion zabaletik, eta hor gehiago sufritzen du berak. Nire meritua izan da ere joko hori egitea; agian beste aurkariek ez diote asmatu horrela jokatzen eta nik gaur asmatu egin dut, eta oso kontentu nago».
27 urterekin jokatutako finalak eta lortutako txapelek zer suposatzen duten galdetuta, Altunak azaldu duenez, «horrelako egun batean irabazten duzu eta denak oso polita ematen du. Baina hain egun onak izan ez ditudanean ere, nire ondoan egon den jendea nire ibilbide guztian, familia, lagunak, laguntzen didaten medikuak, fisioak... beraiei eskertu nahi diet». Dagoeneko 13 final jokatu dituela ekarri du gogora: «Pilotan gaudenok badakigu zer den hori, hor dagoen lana baloratzen duzu. Txapela ez denean lortu, horrek ez du esan nahi lan oso ona ez denik, eta egiten ari naizen bidearekin geratzen naiz».
Peio Etxeberriak, bere aldetik, pena handiarekin hitz egin du: «Honaino iristea eta hainbeste jenderekin, eta ez dut atera txapela. Baina Jokin merezimendu osoz iritsi da 22ra, eta berari zoriondu behar zaio». Txapelketa osoan zehar oso ondo errestatu duela azaldu du nafarrak, baina gaur ez duela hori egin aitortu du: «Presaka aritu naiz, final bat izanik tentsio ikaragarria nuen eta pasada txarra ekarri dit». Finalak bere egunean eta bere unean jokatu behar direla gaineratu du Etxeberriak: «Ez dut egin, eta pena ikaragarria dut. Asko gozatu dut azken bi aste hauetan, jendearekin, familiarekin, baina amaiera ematea falta izan zait».