Plaza bete postu

Naiara Roldan de Aranguiz 2023ko aza. 13a, 10:58

Atzokoa azoka eguna izan zen Amezketan, perie eguna bertakoentzat. Herriko eta eskualdeko artisauek zein janari saltzaileek euren onena eskaini zuten postuz postu.

Eguraldia lagun, eta azken urteetan ez bezala, udaletxe aurreko plazan eta frontoi zaharrean zabaldu zen azaroko azoka atzokoan. Aurreko urteetan eguraldia tristeagoa izanda, Larrunarri frontoi barruan egin behar izan da azoka.

Amezketako plaza dozenaka postuz bete zen atzo, herriko zein eskualdeko artisau eta ekoizleekin. Arropa eta osagarriak; liburu eta jostailuak; jatekoak, gaziak zein gozoak; baratzeko produktuak; edatekoak; xaboiak... Azken batean, plaza bilgune bihurtu zen bertakoentzat zein bisitarientzat. Poltsikoak astindu eta etxera poltsak eta sabelak beteta bueltatzeko eguna.

Izan ere, Akelok guraso elkarteak Zazpitturri elkartearen aurrean, talo eta pintxo txozna jarri zuen. DBHko ikasleek ere gozoak saldu zituzten. Eta orain dela aste batzuk Amezketan bertan izandako Mondeju Azokak bere arrastoa ere utzi zuen. Izan ere, hainbat herritarrek mondeju postuak jarri zituzten. Gaztainak momentuan erretzen aritu ziren. Jateko aukerarik ez zen falta izan.

Kulturarentzako aukera

Dena ordea ez zen jan-edana izan. Nekane Bautistaren omenez postua ere jarri zuten lagunek, bere liburuak herritarren eskura jarri zituzten. Nahi izan zuenak eleberriak zein hezkuntza munduko liburu asko izan zituen eskura. «Doan hartu, irakurri eta gozatu», zioten postuaren bueltako kartelek. Hain zuzen, Nekane Bautistaren sendiak oinordetzan utzi ditu liburu hauek Amezketan, eta modu honetara, herritarren artera zabaldu dira.

Bestalde, unean-unean euren artea erakusteko baliatu zuten hainbatek azoka. Esaterako, artilezko pelutxeak momentuan nola egin erakutsi zuten; ehoziriak hariak gora eta behera ibili ziren;  argizarien erakusketa ikusteko aukera egon zen...

Sinadura eskatzeko aprobetxatuz

Esku-pilotarako pilota egile artisaua izan, eta Jokin Altuna pilota txapelduna ondoan ikusita, momentua aprobetxatu besterik ez da egin behar. Eta horrela egin zuen Joseba Rodriguezek, Altuna III-ri pilota bat sinatzeko eskatu baitzion.

Gustu guztietarako aukera beraz, atzokoan, Amezketako perian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!