Altuna III VS P. Etxeberria _ Lau eta Erdiko Finala 2023

«Badakit finala oso zaila izango dela eta horrek  asko motibatzen nau»

Ataria 2023ko aza. 7a, 19:59

Peio Etxeberriaren aurka jokatuko du Lau eta Erdiko finala azaroaren 19n Jokin Altuna amezketarrak; agintea aurkariari kentzea eta saketik hasita oso oldarkor jokatzea izango dela gakoa dio.

Lau eta Erdiko Txapelketako finala jokatuko du hurrengo igandean, azaroaren 19an Jokin Altunak (Amezketa, 1996). Jokatu dituen lehen mailako Lau eta Erdiko guztietan iritsi da finalera. Aurtengoa zortzigarrena izango da jarraian, eta Peio Etxeberria izango du aurkari.

Finalerdia oso gogorra izan zela aipatu zenuen. Nola ari zara osatzen?

Hobeto nago. Atzo ez nuen asko deskantsatu eta nekea nabari nuen. Masajea ere hartu nuen, eta gaur hobeto nago. Asteleheneko nekea partidaren gogortasunagatik baino tentsio handiko partida izan zelako zen. Horrelako partidak ez dira errazak izaten eta ondorena uzten dute. Beraz, oraindik errekuperatzen.

Sorbalda nola daukazu?

Atzo oso minduta nuen, eta gaur ere bai. Finalerdia jokatzeko erabakia hartu nuenean banekien, irabazi ala galdu, hurrengo egunetan minarekin egongo nintzela. Aurrez nekien gauza bat da. Aste honetan ahal dudan gehien errekuperatzen saiatuko naiz. Gaur ere fisioarengana joango naiz. Ea hurrengo astean entrenamendu onak egiteko gai naizen finalera begira. 

Finalerdietara entrenatu gabe joan zinen. Hamabost egun entrenatu gabe, zer sentsaziorekin jokatu zenuen partida?

Sentsazio arraroarekin jokatu nuen. Kezka askorekin jokatzen duzu. Pilotan dabilenari pilotan jokatzea ez zaiola ahazten esaten da, baina, nahiz eta ariketa fisiko batzuk egin, frontoian entrenatu gabe konfiantza gutxiagorekin egiten diozu aurre horrelako partida bati. Finalerdia baino bi egun lehenago probatxo bat egin nuen Amezketan, baina proba hori ere txikia izan zen, besoa ahalik eta gutxien behartzeko. Zorionez, partida ondo joan zen, baina, hori bai, oso gogorra izan zen, eta asko sufritu nuen. Bi edo hiru unetan bazirudien irabazia nuela partida, eta beste une batzuetan, berriz, Erikek irabaziko zuela zirudien. Oso partida azkarra eta eroa izan zen.

Finalerdietan Tolosaldeko hiru pilotari aritu ziren, eta horietatik zu pasa zara finalera. Eskualdeko hiru pilotari egotea eta Artola ere atarian geratzea, zer iruditzen?

Handia izan da. Jon Ander Peñarekin oso ondo moldatzen naiz, baina pena sentitu nuen Iñaki ez zelako finalerdietara pasa. Izan ere, uste dut oso ondo prestatu duela txapelketa, eta egia esan aukerak ikusten nizkion. Jon Ander eta Erik sartu ziren azkenean. Biak udan oso maila onean aritu dira. Lehen mailan finalerdietan hiru pilotari gipuzkoarrak izatea handia da. Horrek esan nahi du hurrengo urteko txapelketan final-laurdenetako ligaxkan lehiatzeko zuzenean sailkatuta gaudela, beraz, eskualdeko pilotariok gora egiteko aukera izango dugu berriro. 

Peio Etxeberriak nahikoa buruko min eman zizun aurreko txapelketetan, eta aurten topera dator.

Niri bezala, pilotari askori. Peio oso aurkari deserosoa da. Azken pausotxo hori ematear zuela denbora bat zeraman. Finalerdietara iristen zen,   iristen ez zenean ere oso aurkari zaila izaten zen, Ezkurdia berari ere lehen aldiz aurten irabazi dio, baina irabaztear izan da askotan, niri ere behin baino gehiagotan irabazi dit, eta beste pilotari askori lan handia eman dio. Udatik ikusten zen oso forma onean zetorrela. Oso pilotari arriskutsua da, eta bere aurka jokatzea oso deserosoa da. Beti aurrera egiten du, oso azkar, ezker-eskuin, eta pilotakada deserosoetan ere ondo moldatzen da. Bolearekin min handia egiten du, sakeak eramaten txapelketako onena izan da. Badakit finala oso-oso zaila izango dela, eta aldi berean, horrek asko motibatzen nau. Ilusio handiarekin joango naiz.

Nola egingo diozu aurre?

Ondo prestatu beharko dut partida. Orain arte kantxa erdia berak hartu izan du; Josebaren aurka irabazten erraz joan zen, eta partida horretan ere kantxa erdia berak hartu zuen eta berak mugitu zuen aurkaria. Berak mugitu ditu aurkariak orain arte, finalean aukerak izan nahi baditut aginte hori moztu beharko dut, agintea berak hartzen badu oso zaila izango baitut. Saketik hasita oso oldarkor jokatu beharko dut, eta bera leku horretatik ateratzen saiatu. Esatea oso erraza da, eta hori gero praktikan jartzea zaila da. Baina, horretan saiatuko naiz topera.

Zortzigarren finala jokatuko duzu. Txapela eskatzen zaio pilotariari finalera iristen denean, baina zortzi aldiz finalista izan denari ez dago ezer eskatzerik.

Oso pozik nago orain arte lortu dudan guztiarekin. Atzera begiratzea ez zait gehiegi gustatzen, oraindik 27 urte baititut. Txapelketa bakoitza, bai nik eta nik uste pilotari guztiek, azkena izango balitz bezala hartzen dugula.  Niretzat txapelketa hau nola joan den ikusita, lorpen handia da finalera iristea, baina behin finalera iritsita irabazi egin nahi dut. Azken finean, 27 urte ditut bai, baina, agian ez da aukera hau errepikatuko, asko sufritu bainuen finalerdia irabazteko. Orain, beraz, hurrengo igandeko finalean zentratu nahi dut. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!