Atzo, aurkezpen eguna izan zuten Zumadiko eskolako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek. Hezkuntza Sailaren eskakizunez, ikasgai berria gehitu behar izan dute curriculumean: Balio Sozial eta Etikoak. Hain zuzen, ikasgai berriari proiektu forma eman, eta ikastetxetik harago ere eraman dute. Bada, egindako lanketa aurkeztu zioten atzokoan Mikel Arteaga alkateari, Larraitz Agirre gizarte langileari, Agurtzane Garmendia Errotako arduradunari, eta orain artean proiektuan parte hartu duten hainbat adinekori.
Ikasgaia ikastetxeko hiru irakasleen ardurapean aurrera eramaten bada ere —Eider Amonarriz, Miriam Arsuaga eta Begoña Altuna—, ikasleen proposamenei tiraka ari dira ekintza zehatzak antolatzen. Esaterako, adinekoekin batera tertuliak antolatu dituzte, garai bateko eta gaur egungo mahai jolasetan aritu dira, kantugintzan elkarrekin ibili dira eta gaztaina jatea egin dute, ikasleek eta adinekoek batera.
Aurrerantzean ere, proiektuari forma ematen jarraitu nahi dutenez «herriari ekarpena egiteko nahiarekin» Amezketako Udalari prestutasuna adierazi diote. Auzoz auzo joateko borondatea azaldu dute, adibidez Ugartera edo Bedaiora, bertako adinekoekin batera ekintzaren bat antolatu asmoz. Amezketako Udalak bere aldetik, bat egin du, eta herriko adinekoei gonbidapen gutunak bidaltzeko ardura hartu du bere gain.
Honela, Zumadiko ikasleek herriko adineko guztiak gonbidatu dituzte proiektuan parte hartzera. «Jaso eta eman», adienekoek dakitena irakatsiko diete gune goxo batean, eta ordainetan, «bizipoza» jasoko dutela azaldu dute orain artean parte hartutakoek.